Eusko Alkartasunak "herritarrak ez nahasteko" eskatu dio EAJri

tolosa 2012ko martxoaren 14a

Voith-Gorostidi eremuaren harira jeltzaleek pasa den astean egindako adierazpenei erantzun diete Tolosako EAko kideek, Tolosako hirigintzako plan orokorra eta Voith-Gorostidi bi gauza desberdin direla esanez, eta herritarrak ez nahasteko eskatuz.

EAk Tolosako hirigintza plan orokorrari baiezkoa eman ziola onartu dute, baina plan hori Voith-Gorostidik bakarrik ez duela osatzen azaldu dute. Alde batetik, Larramendik proiektua aurrera eramateko arau subsidiarioak aldatu zituztela azaldu dute, eta horren aurka egon izan direla beti.

Era berean, "gehiegizko etxebizitzen" nahiz lurperatzearen aurka azaldu dute euren burua: "Eusko Alkartasunak beti aurkako bozka eman zuen Voith-Gorostidiko gaietan, osoko bilkuretan, eta horren adibide da 2010ean beste alderdi batzuekin batera aurkeztutako mozioa. Garai hartan alde bozkatu zuen zinegotzia, Andoni Iturzaeta jauna, ez zegoen Eusko Alkartasunaren barruan, Hamaika Bat alderdian baizik; gainera, osoko bilkuretako aktetan azaltzen den bezala, kide egin gabeko zinegotzia zen". Honi, gauzak adostasunez egin direla esatea "ez dela egia" gaineratu diote.

Azkenik, EA, Tolosako udal gobernuak Larramendiko lurperatzearen inguruan ireki duen parte-hartze prozesuarekin bat datorrela azaldu du Hasier De los Rios ordezkariak: "Gure laguntza izango dute behar duten guztietan".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!