Merkataritza dinamizatzeko bost lokal huts alokairuan hartuko ditu udalak

tolosa 2012ko martxoaren 13a

Merkataritza jarduerarik gabeko eremuak ideia berrien bidez dinamizatzeko helburuz, Tolosa Merkat 2012: Ekarri negozioa, tori lokala egitasmoa aurkeztu du Tolosako Udalak. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Maite Valmaseda, eta Tolosa & Co elkarteko Fermin Montilla eta Juanjo Ruiz ere izan dira agerraldian, hiru eragileen arteko elkarlanetik sortu baita egitasmoa.

Merkataritza dentsitate baxuko guneetan, hutsik dauden saltokiak udalari errentan ematea da proiektuaren muina. Horretarako, Tolosako Udalak eta lokalen jabeek alokairu kontratua sinatuko dute. Bide honetan, merkataritza negozio bat abian jarri nahi duten ekintzaileei, nahiz bestelako proiektuak abiarazi nahi dituztenei lagundu ahal izango die udalak, alokairuan hartutako lokal hauekin. Era berean, gaur egun merkataritza jarduera gutxi duten guneak biziberritzeko tresna izango da.

Ibai Iriarte alkateak, «ilusioz beteriko proiektua» dela nabarmendu du: «Tolosa bizi bat landu nahi dugu, merkataritza bizi batekin». Tolosako merkataritzaren datuak «oso onak» direla gogora ekarri duen arren, hobetzen jarraitu behar dela azpimarratu du Iriartek, «merkataritza dentsitate baxuagoko guneak biziberritzeko».

Eusko Jaurlaritzako Maite Valmasedak udalarekin sinatu duten hitzarmen publiko-pribatua azpimarratu du, honi esker iritsi baitira proiektua gauzatzera. Gainera, egitasmoa «erabat berritzailea» dela nabarmendu du: «Tolosa punta-puntan dago, eta azken urteotan erreferentzia da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan». Bide beretik, Tolosako merkatariak azken urteotan egiten ari diren lana «oso ona» dela azaldu du.

Egitasmo honen helburuak, honako guneak suspertzera begira zehaztu dituzte: Gernikako Arbola, Euskal Herria plaza, Kale Nagusia eta Agintari kalea, besteak beste. Ibai Iriartek azaldu duenez, jende gutxiko guneak dira, baina lokal asko daude bertan, eta Tolosa & Co elkarteak egindako ikerketa baten laguntzaz, egitasmo honen ideia sortu zen.

Hasier De los Rios zinegotziak egitasmoaren zehaztasunak azaldu ditu. Tolosa Merkat egitasmoak bi fase izango ditu. Hasteko, lokalak berriro ireki beharko dituzte. Horretarako, udalak eta jabeak aurretik adostutako errenta kontratua sinatuko dute bost urterako; beste bost urte luzatzeko aukera izango da. Eraberritze lanak udalak egingo ditu, eta errenta hau merkatu pribatuaren azpitik egongo da.

Errentaren zenbatekoa kalkulatzeko, udalak bi faktore izan ditu kontuan: hasteko, lokalak dituen metro karratuak aintzat hartuko dituzte, eta bestalde, udalak eraberritze lanetan erabili beharko duen diru kopurua ere kontuan hartuko dute. Alokairu kontratuak arautzen dituen Baldintza Plegua onartu du jada udalak, eta datozen egunotan argitaratuko dute. Lokalen jabeek, hamabost egun izango dituzte eskaerak egiteko.

Hamabost eguneko epea

Tolosa Merkat programaren kostu osoa 392.489 eurokoa izango da. Eusko Jaurlaritzak 264.262 euroko diru laguntza eskaini du, eta udalak, berriz, 120.227 euro bideratu ditu egitasmora.

Proiektuan parte hartu nahi dutenek, 943 65 44 66 edo 943 69 75 00 telefono zenbakietara dei dezakete datozen bi asteotan, eta baita www.tolosakoudala.net webgunean sartu ere. Bertan dauden inprimakiak bete eta udaletxean aurkeztu beharko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!