"Garai zail hauek prestakuntzarako eta eskaintza hobetzeko erabili behar ditugu»

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 8a

Fermin Montilla (Tolosa, 1958) Tolosa&Co merkatarien elkarteko lehendakaria izendatu dute, urtarrilaren amaieran eginiko batzar orokorrean. Aurreko urtean diruzaina izan zen.

Zer suposatzen du zuretzat lehendakari karguak?

Tolosaren gizarte sarean parte hartzeko aukera, eta era berean, Tolosako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuekin kolaboratu ahal izatea, ez ikusle moduan bakarrik, baita egungo baldintzak hobetuz eta gure udalerria bultzatuz ahal dugun heinean.

Lehendakari izan aurretik, elkarteko diruzaina izan zara. Aurretik ezagutzen zenuen, beraz, elkartearen jarduna.

2011n diruzain bezala parte hartu dut elkartean, eta horrek Tolosa&Co-ren funtzionamendua ezagutzeko aukera eman dit, bai barrukoa eta bai kanpora begirakoa ere. Bestela ere, aurreko lehendakaria izan den Pedro Tolosaren erabateko babesa dut, eta bere laguntza eta ezagutza balio handikoak dira lehendakari gisa hasi dudan etapa berri honetan.

Zer helburu dituzue aurrera begira?

Une honetan, helburuetako bat ostalaritza elkartean sartzea da. Proiektu globalagoei ekiteko hazi beharra daukagu. Bestalde, Visa proiektuari jarraipena eman behar diogu, aberastuz eta erosteko modu bezala bere erabilera bultzatuz, eta orokorrean Tolosako txartela bihurtuz. Horrez gain, badaude beste proiektu batzuk, udalarekin lantzen ari garenak, eta 2012an martxan jarriko direnak.

Zergatik da garrantzitsua merkatarien elkarte bat izatea Tolosan?

Egun bizi dugun atomizazio eta merkataritza guneen presentzia handiko testuinguruan, Tolosa&Co merkatarien eta profesionalen interesen aldeko plataforma bihurtzen da. Gainera, Tolosa&Co, gaurdanik merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkartea, Tolosaren eta bere ingurunearen biziberritzearen alde lan egiten du, gure udalerria interes gune gisa kontsolidatzeko, herritarrentzat atsegina eta bisitarientzat interesgarria izateko.

Zer aldatu da, aurretik zeuden bi merkatarien elkarteak bateratu zirenetik?

Alde Zaharra eta Igarondo elkarteak Tolosa&Co-n bateratzea prozesu naturala izan da, batera egoteak indarra ematen duen garai batean, eta normaltasun osoz garatu da. Ordezkaritza zabalagoa izatea ahalbidetzen digu, proiektu garrantzitsuei ekitea, promozio ekimenetan elkarren artean ez zapaltzea... Azken finean, Tolosako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alde modu globalizatuan lan egitea.

Zer mezu emango zenioke herritarrei beren erosketak Tolosan egiteko?

Tolosa izan da eta egun ere da oso gune garrantzitsua. Tradizio handiko merkataritza dugu, bizia, barietate handikoa, kalitatezkoa, eta bezeroari bideratuta. Tolosan komertzio ugari daude, eta ez diote Tolosari bakarrik ematen zerbitzua, gure inguruko jendeak ere bere erosketak Tolosan egin ohi ditu.

Zer laguntza mota behar dituzue merkatariek?

Garai zail hauek aprobetxatu behar ditugu prestakuntza egiteko, espezializatzeko eta gure eskaintza hobetzeko, eta modu horretara krisi honen beheraldi handiena gainditzeko. Tolosa&Co-k urtero ikastaro interesgarriak antolatzen ditu merkataritzarentzako, eta egun udalarekin lanean ari da zenbait proiektuetan. Horien bidez ingurua hobetu nahi dugu eta udalerria merkataritza gune handi batean, aire librean eta bezeroarentzako abantailekin, bihurtzeko beharrezko baldintzak sortu nahi ditugu.

Nolakoa izan da Gabonetako kanpaina? Eta beherapenena?

Bizi dugun garai zail hauen barruan, bi kanpainak arruntak izan dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!