Tolosako PSE-EEk herriko alkateak "jauntxokeriaz" jokatu duela salatu du eta horrek "dekretuz ezarritako" atez ateko sistemaren aurka azaldu da "erabat". Jose Ignacio Asensio Tolosako PSE-EEko zinegotzi eta bozeramaleak zehaztu duenez, bosgarren edukiontziaren alde egiten dute, materia organikoa jasotzeko, atez ateko sistema "zikinaren" aurrean. Asensiorekin batera prentsaurrekoan izan dira Oscar Renedo, Manolo Blazquez eta Xabier Maiza PSE-EEko kideak.
PSE-EEk adierazi duenez, atez ateko sistema ez da jasangarria "ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren arlotik". Sistema horrek Tolosa "hipotekatuko duela" esan du: "Bi milioi euroko kostua izango ditu, bosgarren edukiontzia jartzeak 100.000 euroko kostua suposatzen duenean". Horrez gain, tolosarrek atez atekoaren kontrako iritzia dutela esan du, eta azken aurreko osoko bilkuran, oposizioko alderdi nagusiarekin batera Bilduk gaiaren inguruan batzorde bat osatzea erabaki zuela gogora ekarri zuten. "Hori egin arren, jauntxokeria guztiz atez atekoa ezartzea dekretatu du".