Errealitate kontaminatua bizi dugu. Egunero, politikariek, beren kontrolpean dauden komunikabideetan isurtzen dituzten iritziak kontaminatua. Nazkatuta nago, iruzurtua sentitzen naiz, gure bizitzari modu zuzenean eragiten dieten gaiak politikariek beren mesederako erabiliaz, nola engainatzen gaituzten ikusteaz nekatuta. Erabaki horien kontrola herritarrok izan beharko genuke, politikariek ordezkaritza lana soilik egin beharko lukete, herritarren erabakiak aurrera eramateko ordezkaritza. Horren ordez, politikariek manipulatu egiten dute, iritzia sortu eta errealitatea beraien mesedetan desitxuratu. Oposizioan daudenek gobernukoen kontrakoa esaten dute, bai ala bai, alderdi politiko jakin bateko kide izatea, edozein gaitan, beren iritzi propioen gainetik jartzen dutelako.
Tolosan gaurkotasun handia duten bi gai jarriko ditut adibide gisa. Hasteko, Arrameleko herri sarrerako errepidea lurperatu behar ote den ala ez. Garai bateko Foru Aldundiaren, eta udal arkitektoaren txosten teknikoek, ez dute duda izpirik uzten. Ezin dut ulertu, nola politikari batek proiektu hori aurrera eramateko erabakia hartu dezakeen txosten horiek mahai gainean izanda. Voith-Gorostidi eremuko ordenazio berria akats urbanistiko larria da, baina jada ez dago zereginik, eraikia dago eta. Arrameleko errepideko urbanizazio lanak egiteke daude, ordea. Udalak prozesu parte-hartzaile bat jarri du martxan, eta eztabaida horren barruan, herriko arkitektoei gure iritzia eskatu digute.
Nik dakidala, horrelako eskaera zabal bat egiten zaigun lehen aldia da hau, eta nik behintzat, arkitekto eta herritar bezala, eskertu egiten dut; nire ekarpena egin nahi bainuke erabakiak hartzeko garaian ahalik eta informazio gehien izan dezaten. Denen artean gauzak hobeto egin ditzakegula pentsatzen dudalako, erabakietan asmatzen saiatu beharko genuke, denboran iraungo duten eta gure seme-alabei utziko diegun ondarearen zati izango diren erabakietan behintzat. Honen harira, irakurri berri dut udaleko alderdi politiko baten ustez, gaizki omen dagoela arkitektoei galdetze hori, ikusten denez, erantzun konkretu bat emateko presionatuta sentitu baikaitezke. Nire kasuan ez behintzat, ez nire izenean, norbaitek esango lukeen bezala. Borondatez erantzun diet udalak egindako galderei, eta berdina erantzungo nukeen beste edozeinek galdetuta ere.
Bigarren gaia, nola ez, atez ateko zaborren bilketarena da. Egia esateko, ez dakit honi buruzko gauza handirik. Birziklatze-tasa handiena bermatzen duen sistema omen da, eta hori da, hain zuzen ere, gehien axola duena. Beti izango naiz ahalik eta gutxien kutsatzearen aldekoa, lan handixeagoa hartu eta diru gehixeago xahutu behar badut ere. Honi buruzko behin betiko erabakia hartu baino lehen, udalak behar bezala informa gaitzan nahi nuke. Ahalik eta sistema erosoena izan dadin, beharrezko azterketak egitea nahiko nuke, eragozpen gutxien sortuko dituena, hoberen funtzionatuko duena. Baina ez dezagun helburu nagusia ahaztu: batik bat, gure zaborren kudeaketa eraginkorrena bermatuko duen sistema behar dugu.
Horregatik, politikariei helburu hori lortzeko bidean jar daitezela eskatzen diet. Alderdikeria zentzugabe eta lotsagarriak alde batera utzi, eta froga dezatela gure herria gero eta hobea izan dadin ondo kudeatzeko gai direla. Bestela, utz diezaiotela lekua, lanerako eta hiria eraikitzeko beste era batean sinesten duen norbaiti. Gutako batzuek ez dugu falta somatuko, gutxiago kontaminatuta bizitzea eskertuko dugu eta.
Ander Azurmendi Perez de Lazarraga.