Tolosako Udalak banatu ditu aurtengo inauterietako sariak. Karrozetan irabazleak Egipziarrak izan dira; konpartsen A taldean, 25 taldekidetik gorako konpartsetan, Argazki bilduma; konpartsen B taldean, 25 eta 13 taldekide arteko konpartsetan, Burbujitas; konpartsen C taldean, 12 eta 6 taldekide arteko konpartsetan, Milenioko ezkontza; eta konpartsen D taldean, 6 taldekidetik beherako konpartsetan, Live Elton John, Joseba Usabiagak antzeztutakoa. Ibai Iriarte alkateak eta Edurne Mendia Kultura zinegotziak banatu dituzte txapelak. Jendetza izan da udaletxeko batzar aretoan, karroza eta konpartsa saridunetan parte hartutako inauterizale asko bertan izan direlako.
Aurtengo epaimahaikideak jai batzordeko lehendakari Edurne Mendia, Jokin Monfort koordinatzailea eta iazko lehiaketako irabazleak izan dira: Haritz Doyhartzabal, Roberto Diez, Josune Alonso, Jone Azaldegi eta Juan Cruz Ortega.
Piñata igandea, Inauteriei amaiera emateko
Datorren igandean, otsailaren 26an, Poca Tripa eta Txilaba elkartearen konpartsa Iurreamendi egoitzara joango dira aurtengo Inauteriei amaiera emateko.