Plaza Berrian sokamuturrarekin gozatu dute

Ataria 2012ko otsailaren 20a

http://www.youtube.com/watch?v=U0e-bcAYNJU

 

Tolosako inauterietan zezenek euren lekua izan ohi dute, bai zezen plazan eta baita kalean ere. Plaza Berrian sokari lotuta askatzen dituzte zezenak, Astelenitan eta Asteartitan. Inauteri hauetako sokamuturraren lehen eguna, beraz, gaurkoa izan da. Arco Iris txarangaren doinuek zabaldu dute zezen jaia, eta hortik aurrera, errekortari lanetan aritu dira Plaza Berrian elkartu diren korrikalariak.

Sokamuturra hasi aurretik, udaletxeko langileak plaza prestatzen ari zirela, udaltzainek lan dezente izan dute. 16 urtetik berako nerabeek ezin dute sokamuturrean parte hartu, eta udaltzainei erabaki hori betearaztea tokatu zaie. Nerabe itsurako guztiei adina galdetu die lehenik, eta erantzutean hanka sartzen zuenari, plazatik hesiaren atze aldera pasatzeko gonbitea luzatu die.

Ordubete eskaseko saioan, hiru zezen txiki atera dituzte plazara. Adardunek ez dute inor harrapatu, eta korrikalarien erorikorik egon ez denez, sokamuturrean ez da zauriturik izan. Kolpeak hartu dituzten bakarrak zezenak izan dira, lurra irristakorra baitzegoen. Bigarren zezenak, krisi ekonomikoaren aurrean zerbait egin nahi izan du, izan ere, Plaza Berrian dagoen banketxe baten kristala ez du ikusi eta itsu-itsuan jo du adarrekin.

Sokamuturra gustuko dutenek, kalean zezenak ikusteko bigarren aukera bihar izango dute. Korrika ibili direnek eta ibili nahi dutenek, biharkoa aprobetxatu beharko dute, sokatira eta inauteriak bihar amaitzen baitira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!