Aintzane Leunda: «Beti joaten naiz Dianara, horretan ez dago dudarik»

tolosa 2012ko otsailaren 19a

Aintzane Leunda (Tolosa, 1980) urte asko daramatza aisialdi munduan, horietatik azken hiruak Kirikiñon. Astelenita, beraz, betea izaten du, eta baita Zaldunita eta Asteartita ere, karroza eta guzti ateratzen baita.

Nola bizitzen dituzu inauterien aurreko egunak? Inauteriak iristeko zain eta azken gauzak prestatzen. Urduritasun pixka bat ere izaten dugu.

Modu askotara bizitzen dituzu: karrozarekin eta Kirikiño taldearekin. Lanpetuta, beraz. Gabonak iristen dira eta badakizu zer lan daukazun inauterietarako. Asteburuak horretarako hartuta: larunbatetan, konpartsa eta igandetan, karroza prestatzera. Pare bat hilabete horietan, batez ere, asteburuetan, prestaketa lanetan aritzen naiz, baina baita astegunetan ere.

Aurten Kirikiñok 25 urte betetzen ditu. Nola doaz prestaketak? Zerbait berezia egin nahi da begirale ohiak gonbidatuz. Astelenita bereziagoa izango da. Batzorde bat arduratzen da gauzak prestatzeaz. Dantza bat egiten da eta hori erakusten da. Jantzia begirale guztien artean erabakitzen da eta gero batzordeak egiten du lan gauza guztiak aurrera ateratzeko. Gero begiraleek dantza erakusten diegu guztiei.

Ikuskizuna egiteak lan asko suposatzen du? Lan gehiena duena da: erabaki musika eta dantza, eta gero hori erakustea. Hirurehundik gorako lagun taldea gara eta ez da erraza hainbeste jenderentzako zerbait osatu eta aurrera ateratzea.

Aisialdi taldeko haurrak modu berezi batean ari dira prestaketak bizitzen? Beraientzako bereziago da Astelenita bera, urteurrena baino. Gogoz daude; larunbatetan elkartu gara entseguak egiteko, eta hasieran pixka bat pisua egiten da, baina gero dinamikan sartzen zara, eta jende asko elkartu gara entseguetan.

Zaldunitan eta Asteartitan karroza batean ateratzen zara. Nolako muntaia egiten duzue? Urtearen arabera. Gaia erabakitzen dugu iraila inguruan eta Gabonak iristen direnean hasten gara martxan. Saiatzen gara beti zerbait erraza egiten, bestela inauterietarako ez garela iritsiko ematen du, baina azkenean planteatzen duzuna aurrera ateratzen da.

Zenbat lagun ateratzen zarete? Aurten 30 bat inguru. Hasieran kuadrila bat zen eta gero jende gehiago elkartzen joan gara. Adin guztietakoak gaude karrozan.

Egun horiek nola antolatzen dituzu? Beti joaten naiz Dianara, horretan ez dago dudarik. Gero gosaldu, karrozako prestaketa guztiak egin, eta eguna karrozakoekin pasatzen dut. Afaldu, eta beranduegi izan gabe ohera, hurrengo egunean aisialdi taldearekin ateratzen garelako. Asteartitan azkeneko indarrak uzten ditut. Saiatzen naiz egun horretan parranda pixka bat gehiago egiten. Azkenean, inauteriak hasten direnetik bukatu arte, ia arnasa hartzeko denborarik gabe ibiltzen naiz urtero.

Zer dira zuretzako inauteriak? Niretzako kit kat bat dira neguan. Jende guztia dago festetan sartuta; gero iristen da asteazkena eta errealitatera itzultzea izaten da. Festa oso bereziak dira, jende guztia dago horretara. Egunerokotasuna alde batera uzten duzu, eta festan murgiltzen zara, horretarako zaude, ondo pasatzeko egunak.

Zer esango zenioke Tolosako inauteriak ezagutzen ez duen bati? Nola gonbidatuko zenuke? Mozorrotuta etortzeko esango nioke, igandetik asteartera, noski, edozein egunetan. Uzteko gauzak alde batera, eta festetan sartzeko, ez etortzeko eguneroko eskemarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!