Zigor Sagarna (Tolosa, 1973) Aintzina taldeko ahotsa izateaz gain, panderoa eta baxua ere jotzen ditu. Esne Beltza taldean aritutakoa, egun Laket taldeko partaidea da. Folk musika egiten dute Aintzinakoek, eta Sagarnaz gain bertako kide dira Alan Griffin, Juanjo Otxandorena eta Arkaitz Miner, beste hainbat formazioetan aritu diren musikariak.
Nondik datorkio taldeari izena?
Aintzina izena, taldeari izen bat jarri behar geniola eta Juanjo Otxandorenak Pepek hauxe bota zuen beste izen askoren artean. Egokia iruditu zitzaigun hitzak berak dituen esanahi askorengatik: aspaldikoa, aurrera, Zuberoako dantzetan erabiltzen den dantza pausoa...
Bigarren diskoa, Kosinatik kanberala atera berri duzue. Zer eskaintzen duzue bertan?
Bigarren lan honetan, Suitian lehenengo lanaren ildo beretik doazen 14 doinu bildu ditugu, orain dela 100 urte Resurreccion Maria Azkuek, Aita Donostiak eta Xahok Euskal Herri guztian zehar jasotako antzinako abesti narratiboak eta era berean instrumental berriak doinu herrikoietan oinarritutakoak plazaratu ditugu.
Zer harrera izan zuen lehen diskoak?
Lehenengo lanak ez zuen interes handirik piztu Euskal Herriko kultur arduradun eta programatzaileen aldetik behintzat. Oso emanaldi gutxi egin ditugu, nonbait beti ekonomikoki oso gaizki ibiltzen omen dira eta... Bigarren lanarekin espero duguna, berriz, hobe eseri eta itxaroten jartzea. Euskal musikagintzari gaur egun ez diot behar adinako bultzadarik ikusten.
Taldearen izenak dioen bezala, aspaldiko abestiak berreskuratzen dituzue. Gainera, bitxikeriak. Nola egiten duzue berreskuratze hori?
Berreskuratzeen ardura Alan Griffin-ek hartzen du, kantutegiak arakatu eta bitxiak iruditzen zaizkionak mahai gainean jarri eta lantzeari ekiten diegu.
Zu, abeslaria izanik, testuak ahoskatzerakoan nola moldatzen zara?
Gai honetan duda handiak izan ditugu, ez naiz zuberotarra ezta bizkaitarra ere. Azkenean testuak jasota dauden bezala aldaketa gutxi batzuekin abestu ditut. Alanek esan zidan nire euskalkian abesteko, hartara, era naturalagoan aterako zirela; askotan arraroa gerta daiteke. Istorioak ulergarri geratzen dira.
Nolakoa izan da taldearen ibilbidea?
Taldea erdi osatua zegoen. Alan, Arkaitz Miner eta Juanjo Otxandorena elkarrekin doinu irlandarrak jotzeko elkartzen ziren, Alanek proiektu honen asmoa mahai gainean jarri zuen arte. Abeslari bat behar zutenez, niregana jo zuten. Lehenagotik Juanjo Otxandorena eta Joseba Iparragirrerekin euskal kantu herrikoiak jotzen aritu ginen 'Hiru Buru' egitasmoan, eta Alanekin batean topo egin eta Aintzina proiektuan parte hartzeko eskatu zidan arte.
Nola ikusten duzu gaur egungo euskal folk edo herri musika?
Sasoiko ikusten dut, batik bat herrietako dantza taldeetan lanean aritzen diren musikarietan: txistulari, albokari, txalapartari, trikitilariak ikusi eta entzunda. Behar bada, herri musikak herrigintzan duen garrantziari ez zaio behar duen oihartzuna ematen. Oihartzun eta indar handiagoa eman beharko litzaioke instituzio aldetik herri musikari. Betiko enbaxadoreez baliatuz dena egina dutela dirudi.
Garai hauetan diskoak ateratzea zaila da, eta zuzenekoak ematea ere hala izango da.
Oraindik behintzat ez daukagu inongo aukerarik begi bistan. Azken sei urteetan egindakoa lan hau zuzenean eskaini ahal izateko da. Ea elkarrizketa hau zer edo zertarako baliagarri egiten zaion bakarren bati.
Esne Beltza taldean parte hartu duzu eta, egun, Aintzinakoaz aparte, Laket taldeko kidea zara. Nola moldatzen zara estilo batetik bestera pasatzeko?
Esne Beltzaren sorreran parte hartu nuen baxujole bezala Xabier Solanok deituta. Azkenean ezin izan nuen taldeak behar zuen konpromiso mailara iritsi, Laket, Aintzina eta lana uztartzearekin nahiko lana banuen. Orotariko musika entzuten dut eta erraz moldatzen naiz edozein musika motara.