Hunkigarria izan zen Lizardiko lagunek atzo arratsaldean Tolosako hilerrian Asentxio Ondarzabali eginiko omenaldia. Bere senitartekoak, lagunak eta lankideak han ziren, eta tartean euskalgintzaren aurpegi ezagunak, hala nola, Joxe Mari Iturralde, Inaxio Mujika Iraola, Juan Garcia, Antxon Olariaga, Xalbador Garmendia edota Andu Lertxundi.
Agurra dantzatu ostean, bere omenezko bertsoak entzun ahal izan ziren, eta ondoren, Inaxio Agirre Lizardi elkarteko kideak izan zituen Ondarzabalen oroimenezko hitzak. Euskalgintzaren alorrean «une zail haietan eginiko lana» goraipatu nahi izan zuen Agirrek.
Joxe Mari Iturralde idazle tolosarrak «lagun handi» zuen Ondarzabal: «Aspaldian ezagutu genuen elkar, eta ez dira bost egun izango elkarrekin solasean aritu ginela». Iturraldek euskara eta euskal kulturaren alde «garai ilun haietan inork egiten ez zuenean berak egin zuen lan eskerga» nabarmendu du. «Lan isila egin zuen, askotan musutruk egina, gainera».
«Sortzaileekiko lilura»
Lan horretan bidelagun izan zuenetako bat izan zen Andu Lertxundi. Urte asko dira idazle oriotarrak eta Ondarzabalek elkar ezagutu zutela. «1972an ezagutu nuen Tolosan bere ekimenez antolatu zuten kultur hamabostaldiaren harira; berak Tolosan abian jarri zuen ekimen hori, gero Euskal Herri osora hedatuko zen», gogoratzen du Lertxundik. Urte hartatik, hainbat proiektutan egin zuten bat biek, eta horien artean azpimarragarriena Erein argitaletxearen sorrera. Lertxundik Ondarzabelek «sortzaileekiko zuen lilura» nabarmendu zuen. «Margolariak, eskulturgileak, idazleak... asko lagundu zituen; ikasketarik ez izateak ordezkatzen zuen, nolabait, egiten zuen lan hori».
Xalbador Garmendia idazleak ere ez zuen hutsik egin nahi izan atzo eginiko omenaldian. Bere esanetan, Asentxio Ondarzabal «oso pertsona zintzoa, leiala eta euskaltzalea» zen. «Nik banuen bere berri euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuen lanarengatik, baina orain gutxi arte ez nuen harremanik izan berarekin», dio zaldibiarrak.
«Kezka handiak zituen»
Bertan egoterik ez, baina egon nahiko luke Juan Garmendia Larrañagak. Etnologo eta historialari tolosarrak Oiartzunen ezagutu zuen 1960. urtean Ondarzabal: «Manuel Lekuonaren omenaldi batean ezagutu genuen elkar, eta ordutik adiskide onak izan gara, eta hainbat ekitalditan egiten genuen topo». Aurrerago euren harremana sendotu egingo zen, Laskorain ikastola sortu zutenen taldean baitziren biak. «Francoren garaia zen, eta bilera bat leku batean, bestea beste batean, eta horrela ibili beharra izaten genuen. Asentxio garai hartan bizi genuen giroak asko kezkatzen zuen, eta horregatik zegoen hamar lagunek osatzen genuen ikastolako sortzaileen taldean».
Herenegun Asentxio Ondarzabalen heriotzaren berri izan zuenean Jone Urteaga Tolosako ikastolaren zuzendariari Auritze bere alaba eta ikastolako irakaslea etorri zitzaion burura. «Haizea gure ikaslearen aitona ere bazen, eta horren aurretik ikastolako guraso izan zen; bere emazte Milarekin batera, alabak ikastolara ekarri baitzituen». Guraso izan aurretik, baina, Laskoraingo sortzaile izan zen, eta horregatik, ikastolak bere izaera zor diola dio Urteagak. «Asentxio eta bere garaiko euskaltzaleek jarri zituzten gure ikastolaren oinarriak eta proiektuaren nortasunaren ezaugarriak, eta ondorengoek haien ereduari jarraituz ikastolaren proiektua gauzatu, eta aurrera eramaten saiatu gara». Hori dela eta, ikastolaren zuzendariaren arabera, «Asentxiok garai batean izan zuen ametsetako bat beterik ikusi du, ikastola ikusi baitu». Urteagak Juan Garmendia Larrañagarekin bat egiten du, Ondarzabalek «kezka handiak» zituela esatean: «Euskararen munduan kezka handiak zituen, batez ere, Nafarroa bezalako lekuetan euskara zabaltzeko lan handia egin beharra dagoelako».
Sortzaileen laguntzaile
Asko kezkatzen zuen Asentxio Ondarzabal (Hernani, 1934)euskalgintzaren egoerak, eta kezka horrek bultzatuta Laskorain ikastolaren, Erein argitaletxearen, Lizardi elkartearen eta hainbat kultur ekimenen sorreran hartu zuen parte.
Juan Garmendia Larrañaga eta Antonio Maria Labaienekin batera Tolosako Laskorain ikastolako sorrera antolatzeko lanetan parte hartu zuen. Ondoren, Tolosan, 70eko hamarkadan, sortu zen euskalgintzaren eta kulturgintzaren mugimenduko partaide izan zen. Lizardi elkartearen sorreran ere izan zen Ondarzabal, eta kultur ekimenak, hamabostaldiak kasu, sortu zituen. Gero gisa horretako ekimenak Euskal Herri osora hedatuko ziren.
Ekitaldi horien antolaketan artista ugari ezagutu zituen. Julen Lizundia, Anjel Lertxundi eta Xabier Leterekin batera, Erein argitaletxea sortu zuen ondoren. Hasieran lantegi batean egiten zuen lan argitaletxean laguntzearekin batera, baina, gero lantegia utzi eta argitaletxeko lanera mugatu zen.
Sortzaileekiko, eta bereziki, idazleekiko lilura sentitzen zuen, eta eurenganako harreman pertsonala asko lantzen zuen. Era berean, idazle askori lagundu zien liburua argitaratzen. Berak sinatutako liburu bakarra dago, Ernioko Ziripot jolas egiteko ipuinak, hain zuzen. Olariagaren irudiek lagundurik, Ernio mendiaren magalean bizi den gizon handi baten ibilera harrigarriak kontatzen ditu. Gaztetxoentzako Ziripot sail berriaren lehen alea izan zen.
1999. urtean hartu zuen erretiroa. Atzoko egunez 78 urte beteko zituen.