Ahozko Lantegia, Leidor aretoko eszenatoki gainera

Imanol Garcia Landa 2012ko otsailaren 9a

Ahozkotasuna lantzen ari dira Tolosako hiru ikastetxeetako DBH mailetan, Ahozko Lantegia izeneko proiektu pilotuaren bitartez. Proiektu horren barruan, ekitaldia antolatu dute Leidor aretoan bihar goizerako, maila horietako ikasleei zuzenduta. Ekitaldiaren helburua, proiektuan lantzen ari direna eszenatoki baten gainera eramatea da, eta bide batez, egiten ari diren lanketa zertarako den jasotzea. Azken honetarako mezu bat irakurriko dute maila bakoitzarentzat antolatu diren emanaldietan.

Orain 40 urte baino gazte gehiagok egiten dute egun euskaraz, baina, hala ere, askotan erraz pasatzen dira gaztelaniaz hitz egitera. Hain justu, Leidor aretoan izango diren gazteei, bere eguneroko bizimoduan euskara erabil dezatela esango diete: «Euskarak ere nahiko gatza eta piperra badituenez, bizitzaren alor eta une guztietan hizkuntza egoki erabili behar dugu. Horra hor bada, zuen ahaleginaren bidez, etorkizunera begira egiten ari zareten inbertsio bikaina!».

Mezuaz gain, beste hainbat emankizun izango dituzte, hain justu, ikastetxeetan lantzen ari diren generoen erakusgarri. Hala, Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko abeslaria ariko da kantuan, Aitziber Garmendia aktoreak bakarrizketak egingo ditu, eta Bea Egizabal eta Joxe Mari Karrere ipuin kontalariek istorioak kontatuko dituzte.

Horiez gain, zenbait ikaslek eurek egindako olerkiak irakurriko dituzte. Aurkezle lanetan ere ikasleak ariko dira. Guztira lau emanaldi izango dira, maila bakoitzeko bat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!