Pello Odriozolaren askatasuna eskatu dute Bilduk, EAJk eta Aralarrek

Imanol Garcia Landa 2012ko otsailaren 2a

Tolosako azken osoko bilkurak eztabaidarako aukera eman zuen, sei mozio aurkeztu baitziren. Horietako batean ia erabateko adostasuna lortu zuten: Bildu, EAJ eta Aralar alderdiek Pello Odriozola preso tolosarraren askatasuna eskatu zuten, Egin Dezagun Bidea ekimenak eta Lizardi kultur elkarteak aurkeztutako mozioarekin bat eginez. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen bozketan.

Larunbatean bete zituen Odriozolak 24 urte espetxean. Onartutako testuak zioenez, orain hiru urte eta erdi kalean izan behar zuen. Bilduko Ibai Iriarte alkateak Odriozolak bizi duen egoera «astakeria» dela esan zuen. Euskal presoek «izaera politikoa» dutela gaineratu zuen: «Izaera hori deuseztatu nahi diete, baina  inkomunikazioa ezartzen zaie, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen dituzte eta gero ez dituzte Martutenen espetxeratzen». Besarkada bat bidali zion Odriozolari eta animoak eman zizkion bere familiari.

EAJko Jokin Azkuek «Pellok etxean egon behar du», esan zuen, eta «beste ahalegin bat» egin behar dela gaineratu zuen egoera politiko berrian: «Tolosar guztien artean gutxiengo batera iritsi behar gara, eta biktima guztien erreparazioan eragiten saiatu behar gara». Aralarreko Iñaki Irazazabalbeitiak esan zuenez, Odriozolak «giza legez» aske izan behar zuen. Horrez gain, presoak Euskal Herrira ekartzeko «Frantzian pausoak» eman direla esan zuen, eta «orain Espainiak eman behar du pauso hori», gaineratu zuen.  PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok bere iritzia plazaratu zuen: «Presoak gerturatzeko garaia da, baina ez dugu ahaztu behar zergatik dagoen Pello Odriozola espetxean; pertsona bat hiltzeagatik dago bertan».

Bestalde, Asensiok atez ateko sistemari buruz mozioa aurkeztu zuen eta horrek hondakinen inguruko eztabaida sutsua piztu zuen. Azkenean udal gobernuko kideek eta EAJk bat egin zuten bi puntu zehatzetan. Alde batetik,  Tolosaldeko Zabor Mankomunitateak hondakinak kudeatzeko sistema egokienari buruzko azterketa egin dezan eskatzea; bestetik, hondakinen inguruko lan batzordea osatzea udalean.

Azpiegitura handiak, hizpide

Beste mozioetako bat azpiegitura lan handien inguruan AHT Gelditu! elkarlanak aurkeztutakoa izan zen. Datorren larunbatean Donostian egingo den manifestazioaren harira, azpiegitura horiek (AHT, Pasaiako Superportua, erraustegia,...) geldiarazteko eskaria egiten zen, eta mobilizazio horretan parte hartzeko deialdia luzatzen den. Eztabaida bizia piztu zuen gai horrek, eta garbi utzi zuen gai horretan udalbatzako ordezkariek duten ikuspuntua. Bildu eta Aralarreko kideek azpiegitura horiek ordezkatzen duten «gehiegizko garapen eredua» gaitzetsi zuten, eta mozioari baiezkoa eman zioten. EAJk eta PSE-EEk, bere aldetik, azpiegitura horiek «beharrezkoak» direla esan zuten eta garapen ekonomikorako «garrantzi handikoak» direla gaineratu zuten. Ondorioz, aurkako bozka eman zuten. Bestalde, osoko bilkura hastearekin batera, elkarretaratzea egin zuen AHT Gelditu! elkarlanak udaletxearen aurrean.

Kutxabanken administrazio kontseiluaren inguruko mozioa eztabaidatzerakoan ere hika-mika izan zen. Bilduk EAJri «traizio» egitea leporatu zion, PPrekin akordioa egiteagatik administrazio kontseilua osatzeko. Bere aldetik, «Bilduk eta PSE-EEk ordezkari gehiago izateko egindako proposamena» jarri zuen mahai gainean eta osatu berri den administrazio kontseilua «sei hilabete barru» aldatu egingo dela azaldu zuen.

Osoko bilkuran jorratu ziren beste bi mozioak aho batez onartu zituen udalbatzak. Batetik, haur lapurtuen auzian babesa eman zien SOS Haur Lapurtuak eta Anadir elkarteei, eta hainbat erakunderi gaiari buruz duten informazioa elkarbanatzeko eta ikerketetan laguntzeko eskatu zien. Bestetik, Mariano Raxoiren gobernuak abian jarri duen sektore publikoaren erreformaren aurka azaldu ziren.

Mozioez aparte, beste gai batean ere eztabaida sortu zen osoko bilkuran. Izan ere, Larramendi auzoko lurperatzearen inguruan, enpresa eraikitzaileek egindako bigarren proposamenari ofizialtasuna eman zitzaion, Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin. EAJk eta PSE-EEk aurka egin zuten, eta lurperatzea defendatu zuten. Hemendik aurrera, Larramendi auzoaren urbanizazioari buruzko erabakitze prozesuan, bi proiektu izango dira mahai gainean. Alde batetik, hasierako proiektuak zuena, hau da, lurperatzea; eta bestetik, egungo udal gobernuak eta enpresa eraikitzaileek adostu dutena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!