Ostiralean San Blas eguna ospatuko dute auzoko baselizan, baina bihar iluntzean hasiko dira jaiak. 18:00etan txupinazoa egingo dute, eta jarraian disko festa izango da.
San Blas jaien egun garrantzitsuena, ordea, ostirala izango da. 11:00etan meza nagusia egingo dute, eta hain tradiziozkoa den bertako produktuak bedeinkatu dituzte. 12:30ean, berriz, Toka lehiaketa izango da, bai auzotarrentzat, eta baita jaiak antolatzen dituzten Emendek elkarteko kideentzat ere. Arratsaldean, berriz, Elustondo anai-arrebak ariko dira trikitia joaz, 18:00etatik 21:30era.
Larunbatean, otsailaren 4an, haurrentzako jolasak egingo dituzte 12:00etan. Arratsaldean toka txapelketa izango da berriz, eta 18:30etik 21:30era disko festa izango da.
Otsailaren 5a izango da San Blas jaien azken eguna. Goizean goiz, 09:30ean, diana izango da Konponezinak txarangaren eskutik. 11:00etan, berriz, meza izango da, auzoko eta elkarteko zendutako bazkideen alde. Eguerdian, Amarozko dantzariek euren saioa eskainiko dute; Unai Otaño eta Iñaki Azurmendi aizkolariak, nahiz Peñagarikano eta Mendiluze bertsolariak ariko dira jarraian, bazkaldu aurretik.
Arratsaldean, azkenik, bertsolarien bigarren saioarekin eta trikitilariekin amaituko dira San Blas auzoko jaiak.