Pello Odriozolaren askatasuna eskatu dute, espetxean 24 urte bete dituen egunean

Imanol Garcia Landa 2012ko urtarrilaren 28a

Gaur 24 urte bete dira Pello Odriozola atxilotu eta espetxean sartu zutenetik. Bere zigorra 2008ko uztailaren 2an bete zuela eta, hortaz, duela hiru urte eta erdi aske behar zuela esan dute bere lagunek, Lizardi Kultur Elkarteko kideek eta Egin Dezagun Bidea ekimenekoek. "Tolosan behar genuen, Lizardin behar zuen gurekin", berretsi dute kultur elkartearen egoitzan egindako agerraldian. Odriozolaren askatasuna eskatzeko eta "bidegabekeria handi honi" ezetz esateko, beste behin, datorren ostegunean, otsailak 2, 19:30ean, Trianguloa plazan elkarretaratzea egingo dutela esan dute.

Egun Zueran (Zaragoza, Espainia) dago Odriozola. Lizardi Kultur Elkarteko kidea dela gogora ekarri dute agerraldian, eta gaztetatik "euskara eta euskal kulturari estu lotu" zitzaiola. "Euskal Herria aske izateko duen eskubidearen aldeko borrokari" heldu ziola ere azaldu dute, eta "gure herriak aske izateko ez biderik ezta eskubiderik ere" ez duela gaineratu dute. Horren adibide, Espainiako Konstituzioak bere lehen artikuluetan dioena jarri dute. Besteak beste, bigarren artikuluan, Espainiako Konstituzioa "espainiar nazioaren hautsezinean" oinarritzen dela dio, "espainiar guztien aberri komun eta zatiezina".

Espainiako presidente guztiek behin eta berriz "konstituzio horretatik kanpo ez dago ezer" esan dutela adierazi dute agerraldian. Horren aurrean, Odriozolaren askatasuna eskatu dutenek, nazioarteko itunek diotena esan dute, hau da: "Herri guztiek dute autodeterminatzeko eskubidea. Beronetaz baliaturik, inolako morrontzarik gabe hautatzen dute beren legetasun politikoa; eta askatasun osoan zedarritzen beren garapena, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren alorretan". Espainiako Konstituziotik nazioarteko legedira "alde ederra" dagoela esan dute. "Europan demokrazia aldarrikatzen da, herri guztien eskubideak ontzat jotzen dira, Espainian, aldiz, herri txikientzat kartzela eta morrontza aldarrikatzen da", gaineratu dute.

Odriozola ez askatzeko, legedia "bihurritu" dutela esan dute Lizardiren egoitzan bildutakoek, "zigor osoa beteta duen euskalduna espetxean mantentzeko, zigorra bidegabeki luzatzeko". Legedia "mendeku zital" bihurtu dutela salatu dute, eta Espainiako justizia gaur egun "egoera politikoaren esanetara" dagoela gaineratu: "Inpartzialtasuna auzoan dute epaileek. Joxi eta Joxean bahitu, torturatu, hil eta gorpuak karez estali zituztenak kondenaren %5 beteta kalean daude. No comment! Agrabio konparatibo honek ez du azalpen handirik behar".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!