Leidor aretoko proiektore digital berria estreinatuko da ostegunean, Le havre filmarekin. Asteburuan emango diren filmak, zein hemendik aurrera ikusi ahalko direnak ere proiektore berriarekin emango dira. Tolosako Udalak azaldu duenez, hiru arrazoi izan dituzte kontuan ekipamendu berria erosterakoan. Alde batetik, dagoeneko antzematen hasia zen filmak kontratatzeko orduan, 35 mm-ko filmen eskaintza geroz eta murritzagoa zela. Bestetik, "zine programazioaren tajuzko kudeaketa publikoa bultzatzeko borondatea" duela esan du udalak. Horrez gain, diru laguntzak jasotzeko aukera izan da beste arrazoia. Azaroan Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen diru laguntzen deialdia, erosketa horiei laguntzeko. Diru laguntza horri esker, erosketaren ia %50eko laguntza izango du udalak.
Ekipamendu berriak eskainiko dituen hobekuntzak ere zerrendatu ditu udalak. Batetik, programatzerakoan aukera zabalagoa izatea, "askatasuna eta ziurtasuna irabaziz filmak kontratatzeko". Aldaketa ohiko programazioko atal guztien onurarako izango dela azaldu du, bai zine foruma, haur saioak eta asteburuko zine komertziala. "Honen adierazgarri izango da proiektorearen estreinaldirako prestatutakoa datorren asteburuan", gaineratu du udalak. Proiekzioen kalitatearen aldetik, batez ere emanaldi digitalen soinuan nabarmenduko dela azaldu du.
3D sistemari dagokionez, momentuz ez du udalak premiazko ekipamendutzat jo. "Merkatuaren bilakaeraren arabera erabakiko dugu zein den momenturik interesgarriena sistema hori gehitzeko, erositakoa prest baitago horretarako", zehaztu dute udaletik. Le havre filmaz gain, asteburuan beste hiru hauek ikusi ahalko dira modu digitalean: Alvin y las ardillas 2, Misión imposible IV eta La fuente de las mujeres.