Egoitz Zalakain tolosarra neguko triatloien Espainiako lehiaketako txapeldunordea izan zen, pasa den larunbatean Jacan egindako proban. Hura izan zen, 1999an, bere lehenengo triatloia, eta bere ibilbideko titulurik garrantzitsuenetakoa da lortu berri duena.
Iaz bosgarren lekuan amaitu zuen proba, eta faboritoen artean zegoen Zalakain. Egin beharreko lanetan, 10 kilometro egin zituzten korrika Jacako hirigunean, 33 kilometro bizikletan egin zituzten Candanchuko eski estazioraino, eta azkenik, 10 kilometro osatu behar izan zituzten iraupen eskian. Ibilbide honetan, irabazle suertatu zen Jon Erguin beasaindarrak eta Egoitz Zalakainek beren lana uztartzea erabili zuten estrategiatzat, eta eskiak hartzera gainontzeko partaideak atzean utzita iritsi ziren biak ala biak.
Tolosaldeko Triatloi taldeko Igor Aranburuk, bere adin taldeko bigarren postua lortu zuen Jacan, eta Maider Gaztañaga, berriz, kanporatu egin zuten, ibilbideko argibideen falta zela eta.
Lorpen honen ondoren, Zalakainek ez du beste neguko triatloirik egiteko asmorik aurten, izan ere, abuztuan Kopenhageko ironmana du atleta tolosarrak, 2012ko helbururik behinena; iazko seigarren postua hobetzen ahaleginduko da.