Hilobien irekierak aldaketak ekarri ditu

Imanol Garcia Landa 2012ko urtarrilaren 20a

Azken egunetan, epaileen aginduz, hiru hilkutxa ireki dituzte. Bere haur jaioberria lapurtu izanaren susmoa duten familiek epaitegietan hala eskatuta egin dute. Hiru hilkutxetan emaitza bera izan da: hutsak zeuden, ez zegoen gorputzen arrastorik.

[/caption]

 

Susmoak egi bihurtzen ari dira, eta, SOS Ume Lapurtuak elkarteko kidea den Juan Bautista Aranzabe tolosarrak azaldu duenez, gertaera horiek «aldaketa oso interesgarriak» ekarri dituzte agiri bila dabiltzan familientzako.

Bost hilabetetan zehar, Donostia Ospitalean ez diete kasu handirik egin agiri bila joan diren familiei, Aranzabek zehaztu duenez. «Aste honetan joera hori aldatu egin da. Tolosatik hara paperak eskatzera joan diren batzuei agiriak ekarriko dizkietela esan diete». Izan ere, Gasteizen daude historia kliniko guztiak gordeta. Aranzabek azaldu duenez, orain arte Donostiara joan direnei esan ohi zieten beraiek ez zutela paperik, haurra ez bazen Donostian jaio. «Orain jarrera aldatu dute, eta Gasteiztik ekarriko dituztela esaten dute. Horrez gain, familia guztiek hobe dutela Donostia Ospitaletik pasatzea beraien eskaria egiteko esan dute». Erregistroan ere aldaketa sumatu dutela dio Aranzabek.

Azken egunetako beste albiste batzuk ez direla pozgarriak izan esan du SOS Ume Lapurtuak elkarteko kideak: «Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak elkarteari laguntzeko dirurik ez dagoela esan du». Orain hiru urte lanean dabiltzala dio, eta dirua poltsikotik atera behar izan dutela gaineratu du. Foru eta udal hauteskundeetan izan diren aldaketak medio, esperantza handiagoa du Bilduk agintzen duen erakundeetatik diru laguntzak jasotzeko. «Prestutasun gehiago azaldu dute, eta nik uste dut laguntzak jaso ahalko ditugula», azaldu du Aranzabek.

Bi ondorio

Ireki diren hilkutxetan gorputzik ez aurkitzeak bi ondorio dituela azaldu du Aranzabek. «Alde batetik, guk susmo hori beti izan dugu, ez zela ezer azalduko hilkutxetan, haurrak lapurtuak izan zirelako». Gertakari guzti horien atzean trama bat zegoela deritzo: «Hor zeuden sartuta sendagilea, emagina, anestesista, apaiza, moja, erizainak eta lur-emaileak». Beste ondorioa, susmoa egi bihurtu zaien familiek hasi behar duten bilaketa oso zaila dela nabarmendu du Aranzabek.

Hilkutxak irekitzeari dagokionez, leku jakin batean, familiaren panteoian, adibidez, lurperatuta daudenak irekitzea du zentzua, gero froga bezala balio dezan. Panteoiak epaitegiaren aginduz ireki behar direla gogorarazi du SOS Ume Lapurtuak elkarteko kideak: «Epaile bat ez badago aurrean, ez du ezertarako balio».

Aranzabe eta bere familiaren kasuan, ez zen horrela izan.  «Guri esan ziguten Polloeko hilerrian lurperatu zutela, eta jaioberriak leku komun batera botatzen zituztela. Leku hori zabaltzen bada, nola jakin zeinenak diren topatzen diren gorpuzkinak?». Gainera, bere kasuan, obra batzuk egin ondoren leku horretan lurperatuta zegoenaren berri ez dutela esan zieten hilerritik.

Haurra bilatzeko zailtasun handiak daudela dio Aranzabek: «Marra bat daukagu, eta hortik ezin gara pasatu. Paperekin epaitegietara joaten gara eta DNA froga egiten dugu, baina hortik aurrera ezin dugu joan». Horren jarraipena beste aldetik etorri behar duela dio: «Nire semea bizirik badago, non nago? Eta hark zergatik jarri behar du nirekin harremanetan? Aurreneko gauza jakin behar du lapurtua izan dela. Bestetik, DNA froga egin beharko du».

Bestalde, Aranzabek gauza bat argi utzi nahi du. Bere ustetan, lapurtutako haur asko gertu egon daitezke. «Esaten da Tenerifera eraman zituztela, baina nik ezagutu dut pertsona bat, bera eta bere arreba lapurtuak izan zirenak, eta Tolosan bizi izan zirenak. Bakoitzagatik hirurehun mila pezeta ordaindu zituztela esan zidan. Lapurtutako haur asko gertu izan daitezke».

Argi du ere, elkarteko beste kideek bezala, noizbait semea edo alaba aurkitzen badute zer esango zien: «Egia jakin dezala.  Guk ez genuela behin ere utzi, lapurtua izan zela».

Tolosaldean, kasu ugari

Gipuzkoan guztira 320 kasu inguru daudela dio Aranzabek, eta horietatik 200 epaitegietan daudela. «Besteek ez dituzte frogak edo agiririk epaitegietara eramateko». Tolosaldeari dagokionez, 80 kasu inguru direla dio Aranzabek, eta epaitegietan daudenak 70 inguru dira. Aurki beste hamabi panteoi irekiko direla aurreikusten da, baina ez dakite non izango diren. «Irekitzen dituzten hilkutxa ia guztiak hutsik egongo dira», dio Aranzabek.

Elkartetik jendearen laguntza eskatu dute: «Baten batek irregulartasunak izan direla baldin badaki, gurekin harremanetan jartzeko eskatzen diogu». Bestalde, familiaren batek bere kasuaren berri eman eta laguntza behar badu, elkartera jo dezake. Harremanetarako  699 169 243 zenbakira deitu edo jbaranzabe@hotmail.com helbidera idatzi dezake.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!