Kirolarien mahai ingurua bertan behera geratu da

Ataria 2012ko urtarrilaren 19a

Ero Etxe elkarteak atzorako antolatu zuen kirolarien mahai ingurua bertan behera geratu zen, ez zelako inor azaldu Topic aretora. Bertan parte hartu behar zuten Ekaitz Saies, Mikel Odriozola eta Oiana Blanco goi mailako kirolariak, aurten egingo diren Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari direnak.

Ekimenaren koordinatzaileak,  Iñigo Asensiok, azaldu duenez, «Ero Etxe elkartea abenduan jarri zen harremanetan Tolosako Udaleko kirol sailarekin. Eguna eta ordua erabaki eta udalak ikastetxeekin harremana egin eta hitzaldira bertaratuko ziren ikasle taldeak zehaztu behar zituen».

Urtarrilean zehar hitzordua gogorarazi eta «behin baino gehiagotan helarazi zaio udaleko kirol arduradunari, Arantxa Estangari, hitzaldiaren inguruko informazioa, honi ikastetxeekin lorturiko adostasuna zehaztu zezan», gaineratu du Asensiok. «Zehaztasunik lortu ez eta astearte gaueko kirol arduradunen bileran, ez zen nonbait ikasleen parte hartzea ziurtatzea lortu. Ondorioa tamalgarria. Ikastetxeei eta konkretuki ikasleei zuzendutako hitzaldira ez zen ikasle bat bera ere bertaratu».

Egoera horren aurrean eta «udalak ardura ikastetxeen gain jartzen zuen bitartean», antolatzaileek hitzaldia bertan behera uztea erabaki zuten. Kirolariei egoera azaldu zieten, eta hauek «egoera ondoegi ulertzen ez zuten arren, alferrikako bidaia eta esfortzua egin izana onartu behar izan zuten», azaldu du Asensiok. Tolosarako bidaia alferrikakoa izan ez zedin, Topic zentroko arduradunei eskatu eta hauek prest agertu ziren kirolariei txotxongiloen museoa erakusteko. Bide batez, Ero Etxe elkarteak bere esker ona adierazi zieten bertako arduradunei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!