Taldearen irudia eraberritzeko asmoz, logotipo lehiaketa antolatu du Tolosako Udaberri dantza taldeak.
55 urte beteko ditu aurten dantza talde tolosarrak, eta «urte hauetan guztietan zehar, jende ugari pasa da taldetik», arduradunek diotenez. Gaur egun, hainbat gaztek daramate taldearen kudeaketa guztia, eta urteurrenaren harira, Udaberriren irudia eraberritzeko ideia sortu zaie.
Horrela beraz, logotipo lehiaketa antolatu dute. Parte hartu nahi dutenek honako oinarriei begiratu beharko die: hasteko, lanak PDF formatuan entregatu beharko dira, eta lan bakoitzak 10Mb izango ditu gehienez ere; parte hartzaile bakoitzak bost logotipo aurkezteko aukera izango du, eta gehiago bidaltzen baditu, arduradunek lehenengo bostak hartuko dituzte aintzat; azkenik, logotipoek Udaberri Dantza Taldea idatzirik izan beharko dute.
Lan guztiak udaberri@udaberri.com helbidera bidali beharko dira, datorren otsailaren 15a baino lehen. Aurkeztutako logotipo guztiak bildu ondoren, Udaberriko arduradunek otsailaren 27an iragarriko dute irabazlearen izena.
Logotipo irabazleak 100 euroko ordainsaria jasoko du, eta irudiaren eskubide guztiak dantza taldeak hartuko ditu.
Helarazi nahi dutena
Taldearen irudia eraberritzeaz gain, Udaberri dantza taldeko kideek zenbait balore transmititu nahi dituzte logotipoaren bitartez. Horrela beraz, www.udaberri.com webgunean PDF dokumentu bat zintzilikatu dute; bertan dantza taldeko logotipo zaharra dago ikusgai, eta baita helarazi nahi dutena ere: «Tolosa, tradizioa, talde-lana, alaia, dantza, gaztea, euskara eta musika dira gure taldea deskriba lezaketen hitzetako batzuk, eta horiek lehiaketara aurkezten direnentzako lagungarriak izan daitezkeela uste dugu», diote antolatzaileek.