Ero Etxe krosari errepasoa iruditan

Imanol Garcia Landa 2012ko urtarrilaren 18a

Ia 300 argazkik biltzen dute Tolosako Ero Etxe elkartearen krosaren ibilbidea, kultur etxean jarri duten erakusketan. 1988an izan zen lehenengo aldiz eta aurten, datorren igandean, izango da 25. aldia. Argazkien bilduma elkartekoek egin dute eta hainbat norbanakoek ere eman dituzte etxean zituztenak. Argazkiez gain, krosari buruzko bideoak ere ikus daitezke. Erakusketa zabalik dago 17:30etik 20:30era, ostirala arte. Larunbat goizean ere irekitzeko asmoa dute Ero Etxekoek, 10:00etatik 13:00etara.

Elkarteko kidea den Josema Saezek azaldu duenez, «krosa herri girokoa izatea nahi dugu, parte hartu nahi duten guztiei irekia. Lehenengo probatik parte hartzaile guztiek jaso dute opariren bat, eta aurten ere hala izango da». Aurtengo lasterketa berezia denez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Orain hamabost hilabete hasi ziren zazpi lagunek osatutako batzordea lanean. Igandean bertan, krosaren egunean, 80 lagun inguru ariko dira antolakuntza lanetan.

Lehenengo urtean 300 gaztetxok parte hartu zuten. Iaz 752 izan ziren korrikalariak, eta aurten ere parte hartze zabala espero dute. Elkartetik parte hartzera animatu dituzte 9 eta 14 urte bitartekoei, eta izena ahal dela ikastetxeetan ematea gomendatu dute. Hala ere, nahi izanez gero, igandean ere eman daiteke izena proba hasi aurretik. Korrikalariak Tolosaldea guztitik etortzen dira, baita Goierri aldetik ere.

Kultur etxeko erakusketan, krosari buruzko liburuxka jaso daiteke. Bertan agertzen dira, besteak beste, azken 24 krosetako irabazleak. Liburuxkan maila bakoitzeko lasterkariek egin beharreko ibilbidea ere agertzen da.

Goi mailako kirola, hizpide

Ero-Etxe krosaren 25. urteurrenaren ekitaldien baitan, bihar, asteazkena, mahai ingurua antolatu dute. Topic zentroan izango da, 11:00etan, eta batez ere, ikastetxeetako gaztetxoei zuzendua da. Aurten Olinpiar Jokoak izango direla eta, hiru kirolari izango dira bertan, hiruak Olinpiar Jokoetan parte hartzeko asmoa dutenak: Mikel Odriozola ibilketaria, Oiana Blanco judoka eta Ekaitz Saies piraguista. Iñigo Asensio izango da ekitaldiaren aurkezle eta bideratzailea. Mahai inguruaren asmoa «kirolaren baloreen inguruan aritzea da, helburu handiek exijitzen duten esfortzu eta dedikazioa, eta bestetik, bide horretan ikasketei eskaini dieten garrantziaren berri ematea».

Londres egingo diren Olinpiar Jokoetako txartela eskuratu du dagoeneko Odriozolak; Blancok ondo bideratuta du txartela eskuratzea; Saiesek maiatzean jokatuko du aurreolinpikoa eta aukera asko ditu bertarako sailkapena lortzeko.

Hiruek ez dute nolanahiko palmaresa. Odriozolak bi aldiz parte hartu du Olinpiar Jokoetan. Sidney-n 24. izan zen eta Beijinen, berriz, 13. postuan amaitu zuen 50 kilometroko ibilketa proba. Munduko Txapelketan lortu duen emaitzarik aipagarriena 2007an eskuratu zuen Osakan (Japonia), 6. postuarekin. Blancok zilarrezko domina lortu zuen 2009ko Rotterdam-eko Munduko Txapelketan eta brontzezkoa 2010eko Vienako Europako txapelketan. Saiesi dagokionez, 2009an munduko txapelduna izan zen taldekako K-1 proban (4X200 metro), Dartmouth-en (Kanada) jokatutako txapelketan. K-1 200 metrokoan 7. izan zelarik txapelketa berean. 2011n munduko txapelduna izan da taldekako K-1 proban (4x200 metro).

Bihar, babesleei esker ona

Krosa igandean izango da, eta aurretik beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Alde batetik, bihar, 20:30ean, krosaren babesleei eskerrak emateko ekitaldia egingo dute Ero Etxe elkartean. Bestetik, larunbatean, erraldoi eta buruhandien kalejira izango da eta Ero Etxe txarangak herriko kaleak alaituko ditu. Eguraldi aurreikuspenak ez dira oso baikorrak larunbaterako, eta beraz, ordura arte ez da jakingo egingo diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!