Zenbait azpiegitura handiren aurkako aldarriak egingo dituzte astean zehar

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urtarrilaren 18a

Zero Zabor filosofiaz, tentsio altuko lineaz eta AHTaz ariko dira, besteak beste, aste honetan Tolosan azpiegitura handien aurka antolaturiko jarduera eta protestak.

Helburu eta asmo bertsuak dituzten hainbat elkartek bat egin dute, «azpiegitura lan erasokorren oposizioan», herritarren ongizatea eta ingurumenarekiko errespetua izango dituzte helburu. Azpiegitura lan handiak «garapen eredu baten zati» direla diote, eta «zalantzan» jarri behar direla uste dute: «Eredu soziala aldatu nahi dugu», azaldu du Amagoia Eskudero antolatzaileak.

Tolosan, pasa den larunbatean bileteak zigilatzen aritu ziren AHTaren aurka. Horrez gain, ordea, hitzaldia izango da gaur, 19:00etan, kultur etxean. Gipuzkoa Zero Zabor izenburupean, Gipuzkoako Errauskateran Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak eskainiko du hitzaldia. Amagoia Eskuderok azaldu duenez, gaia osorik landuko du hizlariak, orokorrean: «Errausketaren auzia nola bideratzen den azalduko du, izan ere, ez da nahikoa erraustegiari ezezkoa esatea; zaborra kudeatu egin behar da. Hau guztia nola burutu daitekeen azalduko du».

Era berean, bihar bideo proiekzioa izango da, ordu berean, Antonio Maria Labaien kultur etxean, Autopista elektrikoa kezka iturri izenburupean. Bi bideo eskainiko dituzte, eta bakoitza ordu erdi ingurukoa izango da: «Castejon (Nafarroa) inguruan hemen baino gehiago entzuten ari dira tentsio altuko linearen kontua, egoera gertuago dute, eta horren inguruko azalpena eskainiko du lehenengo bideoak». Bestalde, Katalunian bizitakoa ere ikusi ahal izango da. Bertan aurten hasi dira autopista elektrikoa egiten, eta herritarrek proiektuaren aurkako borrokan bizi izan dutena izango da ikusgai. Beraz, bi errealitate erakutsiko dituzte bideoek: «Lehenengoan prozesuaren azalpenak izango du garrantzia, eta bigarrengoan herritarren borroka islatuko dute irudiek».

Azkenik, larunbatean, eskualde mailako manifestazio burrunbatsurako deia egin dute antolatzaileek. Xahuketarik ez! AHTrik ez! leloarekin, Trianguloa plazatik abiatuko da manifestazioa,12:30ean.

Helburuek bat eginda

Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu: azpiegitura lan handiak gelditu! lelopean, honako elkarteek antolatu dute Gipuzkoa osorako egitaraua: AHT Gelditu! elkarlana, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea, Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldea, EHNE, AHTaren Aurkako Asanblada, PTPren aurkako Oiartzungo taldea, Mutriku Natur Taldea eta Gipuzkoa Zero Zabor.

Gipuzkoa lurralde txikia izanik, industria garapenak eraginda, «azpiegituren hedatze izugarria jasan» duela uste dute antolatzaileek: «Honek, lurraldea neurrigabe hiritartu eta metropolizatzera darama». Bide beretik, proiektu hauek «narriadura ekologiko nabarmena, eta herritarrengan eragin kaltegarriak sortu» dituztela diote talde hauek.

Azpiegituren inguruko egitasmo hauen aurka protesta egiteko beste arrazoietako bat, «egitasmo horiek modu inposatzailean sustatu» izana da, eta «inbertsio itzelek zulo ekonomikoa utzi» dutela ere nabarmendu dute.Honi guztiari, langileen egoera «txarra» eta gastu publikoa ere gaineratu dizkiote aurkako erakundeek, eta zenbait ordezkari politikok aldarrikapenak erakundeetan «neutralizatu eta blokeatu nahi dituztela» ere salatu dute.

Horrela beraz, AHTa eta Euskal Yaren obrak, Zubietako erraustegia, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma, Zubietako makro espetxea, nahiz Nafarroatik eta Bizkaitik Ezkio-Itsasoraino joango den tentsio altuko linea eraikitzeko proiektuak salatu dituzte, «guzti-guztiek ekologikoki jasangaitza den eredu neoliberala babesten» dutelako. Azkenik, azpiegitura handien aurkako egitasmoak lorpenak eman ditzan, antolatzaileek jendartearen kontzientzian eragiteari berebiziko garrantzia eman diote, eta «proiektu txikitzaileak gelditzeko borrokari eutsi» behar zaiola aldarrikatu dute.

Egitasmoa, urtero Donostiako kaldereroetan AHTaren aurka antolatzen duten manifestazioarekin amaituko da. Aipatzekoa da, aurten manifestazioak hainbat mugimendu eta erakunderen babesa jaso duela: 15-M, Ekologistak Martxan, Eguzki, ESK, LAB, CNT, CGT-LKN, Alternatiba, Ezker abertzalea, Antikapitalistak, Gorripidea, Ezker Anitzak-IU, EPK-PCE, Aralar eta Lizargorri Taldea.

AHTko lanak Tolosan

http://www.youtube.com/watch?v=WqKhcb8ec2U

Herenegun, bideoan klik eginez ikus daitekeen moduan,Tolosako Olarrain auzoko etxe bat eraitsi zuten, AHTaren obretako langileek. Jabeek ez zuten eraisketaren inguruko informazio ofizialik jaso, eta Tolosako Udalak helarazi zieten berria bizilagunei.

Honen aurrean, bizilagunak eurak aritu dira desjabetzea lortzeko lanean.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!