2012rako onartu diren aurrekontuez eta udalaren ekonomi egoeraz aritzeko deituriko prentsaurrekoan, Tolosako Udalak gaur egun duen ondarea sekula ez duela izan baieztatu dute jeltzaleek, eta udalaren egoera ekonomikoa "sendoa" dela.
Jokin Azkue, Nuria Carbonell, Joxelu Andueza eta Olatz Peon izan ziren agerraldian eta Bilduk eta Aralarrek argitara atera duten zorrari bi arrazoi nagusi eman dizkiote. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero udalari ematen dion diru laguntzak "behera nabarmen" egin duela diote, eta gaur egun, 2006an jasotzen zuen diru kopuru bera jasotzen duela Tolosako Udalak. Era berean, udalak zergen bidez jasotzen duen diru kopurua desegonkorra izan ohi da obren gaineko zergei dagokienez; etxebizitzak edo obrak egiteagatik udalek %5a jasotzen dute beti. EAJko kideek, ordea, zer diote: "Denok dakigunez, orain ez dira etxebizitzak eraikitzen eta horrek ekartzen du, noski, udalean diru sarrerak jaistea".
"Ez dago kiebrarik"
Jokin Azkue, EAJren izenean, gaur egun Tolosako Udalak duen zorraz aritu zen. Alde batetik, epe luzeko zorra 12.000.000 eurokoa izan arren, "udalak diru hori urtero-urtero inongo atzerapenik gabe" bueltatzen duela diote; ordaindu beharrekoa ordaindutakoan, "gainera, urte amaieran soberakinak izaten ditu udalak, bestelako inbertsioak egiteko".
Epe motzeko zorrei dagokienez, 5.000.000 euroko zor hori Plaza Berriko etxebizitzen dirua jasotzean kitatuko dela dio Azkuek: "Beraz, hemen ez dago kiebrarik, batzuk zabaldu nahi izan duten eran. Zorrak ditugu, baina ahalmena dugu horiek ordaintzeko".
Azkenik, Elosegi parkearen desjabetzea ere hizpide izan zuten prentsaurrekoan. EAJk Tolosagasa enpresa saltzea aurreikusi zuen, diru horrekin Elosegi parkeko zorra ordaintzeko. Jeltzaleen arabera, "Bilduk eta Aralarrek prozesua geratu egin zuten", eta "8.000.000 euroko zor hori ez dago EAJren erabakiengatik".
Horrela beraz, EAJ-PNVko udal taldeak lasaitasuna transmititu nahi diete herritarrei, zorrak ordaintzeko diru sarrerak sortu behar direla aldarrikatuz.
15 proposamen aurrekontuetarako
Zenbait puntuan udal gobernuarekin ados dauden arren, 2012rako onartu diren aurrekontuek krisiari ez dietela aurre egiten uste dute jeltzaleek: "Egia da orekatuak direla, baina ekonomia sustatzeko ekintza xumerik ere ez dago, eta berritasuna eskaintzen duen proiekturik ere ez". Bide beretik, udal gobernuari anbizioa falta zaiola nabarmendu zuen Jokin Azkuek.