Pagotxa onenaren atzetik

tolosa 2012ko urtarrilaren 13a

Merkealdia iritsi da eskualdera ere. Eguberrien ostean, gure herrietako dendek Gabonetako apaingarriak, merkealdia iragartzen duen kartelengatik aldatzen dituzte. Hala ere, azken urteetan, eta egoera ekonomikoak eraginda, inoiz baino goizago ikusten ditugu beherapenak beraien erakusleihoetan. Gabonetako oparien  zurrunbilotik atera ostean, jende asko egoten da merkealdia noiz hasiko zain.

Ofizialki larunbatean hasi zen merkealdia, eta martxoaren 31 bitartean luzatuko da. Dirua aurrezteko helburuarekin, aurrez begiz jotako jertse, beroki, oinetako edota barruko arropa hori erosteko aprobetxatzen dute merkealdia. Hala ere, beti ez da suerte bera izaten, eta begiz jotako hori falta egiten da.

Tolosako lau merkatariekin hitz egin du hitzak, eta orokorrean, «pozik» agertu dira dendariak. Aralar Kirolak, Nerea Lentzeria, Lizarribar Oinetakoak eta Kimetz arropa dendako arduradunek Gabon egunetako salmenten balantzea, eta merkealdiko lehen egun hauen balorazioa egin dute.

Nerea Lentzeria dendako Eguzki Tobes, «oso pozik» agertu da abenduan egindako salmentekin, eta baita, beherapenetan daramatzaten egun gutxi hauetan izaten ari den salmentekin ere. Beste urteekin alderatuz Gabon egunak beste urteekin alderatuta «ezberdinak» izan direla adierazi du: «Jendea banatuago etorri da, eta lasaiago ibili gara, baina mugimendua egon da». Gogora ekarri du, beraiek Erregeetarako izaten dituztela normalean salmenta gehienak, baina aurten Olentzeroetarako ere ondo saldu dutela azaldu du.

Urte guztian zaintzen dituela bezeroak azpimarratu du Tobesek, «gure bezeroa langile jendea da, eta beherapenez gain, urte osoan modu onean edukitzen ditut, eta uste dut hori baloratzen dutela nire bezeroek», azpimarratu du.

Krisi egoera aipatuta, pezetetatik euroetara pasaz geroztik, aldaketa nabaritu duelakoan dago Nerea Lentzeriako arduraduna.

Udazkeneko eguraldia, etsai

Udazkeneko eguraldiak ez die batere lagundu dendari askori. Kimetz arropa dendakoek eta Lizarribar Oinetakoak dendakoek gauza bera aipatu dute. Ez du hotzik, eta euririk egin, eta jendeak ez du neguko oinetakoak edota arropa erosteko beharrik sentitu. Baina, abenduan buelta eman zioten egoerari, eta jendea neguko arropa edo oinetakoak erostera animatu da.

Lizarribar Oinetakoak dendako Leire Usandizagak adierazi duenez, «Gabon hauetan ondo saldu dugu, bai Olentzeroetarako, eta baita Erregeetarako ere». Urte guztian krisia dela eta, jendea triste dago, eta mezu negatiboez inguratutako egunak albo batera utzi, eta «jendea erosketak egitera animatu egin da, eta alai ibili da. Ilusioarekin etorri dira dendara, eta oso ondo lan egin dugu».

Asteartean hasi ziren merkealdiarekin, «pare bat egun hartzen ditugu prestaketarako eta asteartetik hona jendea animatu egin da erosketetara», gaineratu du Usandizagak.

Juanjo Ruiz Kimetz arropa dendako arduraduna ere gustura agertu da. Bai Gabonetako salmentekin, eta baita merkealdiak hasteko moduarekin ere: «Larunbatean jende asko ibili zen dendan, eta merkealdia fuerte hasi dugu».

Udazken eskasaren ostean, abenduan salmenta onak izan dituzte, eta merkealdietarako «material asko» ere ez zaiela geratzen esan du.

Askok aldez aurretik egiten dute dendatik buelta gustuko zerbait ba ote dagoen ikusteko, eta behin beherapenak jartzen dituztenean, orduan joaten dira erostera. Baina, bestelako kasuak ere badira.

Aralar Kirolaken kasuan, Anate Iturralde «ezkor» agertu da Gabon Egunetan izan duten salmentarekin. Eguraldia aipatu du: «Garai honetan, elurrik eta euririk ez egiteak eragina du».

Gabon egunen balorazioa, ez du hain ona egin: «Eguberri egunetako salmentetan nahiko juxtu ibili gara». Aralar Kirolak dendakoak, berriz, oraindik ez dira sartu merkealdian. Prestaketa lanetan daude, eta datorren astean jarriko dituzte euren produktuak merkeago erosteko aukeran.

Merkealdia nola aurreikusten dituen galdetuta, «eguraldiak orain artean bezala jarraitzen badu, ez dut espero aldaketa handirik», gaineratu du Anate Iturraldek.

Batzuek gustuko dute dendaz denda erosketak eginez ibiltzea, eta ez diete merkealdiko aukerei ihes egiten uzten. Baina, erosketak egitea gorroto duenik ere bada.

Krisiak krisi, erosketak egitera animatzea beharrezkoa izango da, eta merkealdi hauetan ere dirua gastatzeari uko egingo ez dion jendea izango da. Baina, hala eta guztiz ere, denentzat euria ez du berdin egiten, edo hori dirudi behintzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!