Alkor eta Txantxangorri taldeak elkartu zirenean sortu zen Kirikiño aisialdi taldea, 2003-2004 ikasturtean. 25. urteurrena ospatuko dute aurten, eta gaur bertan hasiko dira festa batekin. Iban Asenjo (Tolosa, 1990) begiralea taldeko arduradunetako bat da.
Gaur gaztetxoenentzako festa antolatu duzue. Zer aurkituko dute bertaratzen direnek?
Asmoa gabonetako parke moduko bat egitea da. Puzgarriak izango dira, eta horrez gain, Kirikiñoko begiraleok ere bertan egongo gara eta gaztetxoekin hainbat tailer eta jolas egingo ditugu. 16:00etatik 20:00etara, 10 urtetik beherakoentzat izango da.
Urtean zehar beste jarduerarik antolatuko al duzue urteurrena ospatzeko?
Bai, gure helburua hainbat ospakizun antolatzea da. Lehenengoa gaurkoa izango da, baina gerora ere egin nahi ditugu gauzak, bai talde barruan, eta baita taldekide izandako guztiei eskainitako jarduerekin ere. Gure 25.urteurrena tolosarrekin ospatu nahi dugu.
Zu gaztea zaren arren, aisialdi taldea sortu zenez geroztik, zer aldatu da?
Aisialdi taldea sortu zenean, ni oraindik ez nintzen jaio. Hala ere, badakit hasiera-hasieran bost begirale bakarrik zirela, eta gazte talde txiki bat. Geroztik taldeak gora egin du, eta gaur egun 50 begirale inguru aritzen gara, 400 bat gaztetxorekin. Hala ere, 25 urte hauetan guztietan gogo berarekin aritu izan da taldea: gazteak baloreetan heziz, eta ondo pasatzeko aukera emanez.
Kirikiñok helburu hauek bideratzeko zein jarduera antolatzen ditu urte osoan zehar?
Eskolan bertan biltzen gara larunbatero. Horrez gain, Eguberrietan eta Aste Santuetan ere, gaztetxoen eskolako oporrak probestuz, hiruzpalau eguneko kanpaldiak antolatzen ditugu. Udan berriz, jarduera luzeago bat antolatu ohi dugu: hamar edo hamabost eguneko kanpaldia egiten dugu, egutegiaren arabera betiere. Kanpaldiez gain, mendi irteera batzuk antolatzen ditugu; Inauterietako konpartsa ere urtero izaten da, eta abenduaren 24an nahiz Santa Ageda bezperan taldetxoa osatzen dugu kantuan ateratzeko, ohiturak ez galtzeko.
Zenbat urterekin hasten dira Hirukideko ikasleak, Kirikiñoko jardueretan parte hartzen?
Lehen Hezkuntzako 5. mailan hasten dira, hamaika urterekin. Sei urtez mantentzen dugu aisialdi taldearen eskaintza, eta DBH 4.mailan amaitzen da, hamasei urterekin. Horren ondoren, Kirikiñoko kideek aukera izaten dute helduentzako beste talde batean sartzeko; taldeak Sendotzen du izena, eta sendotza prestatzeko jarduerak burutzen dituzte, beste gauza batzuen artean. Talde hauetatik guztietatik pasa ondoren ere, gure artean elkartzen jarraitzen dugu, beti printzipio berdinekin.
Inauterietarako prestatzen hasiko zineten jada, ezta?
Oraindik ez gara hasi, baina oporretatik itzuli eta lehen larunbatean hasiko gara, dantzaren lehen pausoak ikasten. Ea zerbait polita ateratzen den, 25. urteurrena izanda zerbait berezia egin nahi baitugu Inauteri hauetan.