Gutunak: Urkizuko zenbait kontu

Ataria 2011ko abenduaren 28a

Urkizura igotzeko hiru bide daude: San Frantziskotik Montezkura eta hortik gora joanda; Torre baserritik Lizardiren monumentura, eta ondoren Zipirinoko eliza zaharretik jarraituta; eta Bentaunditik igota, Gurutzeagako tontorretik igaro ondoren. Orain urte batzuk bertatik ezin zen pasa, baserritarrek ganadua jartzeko txarrantxarekin itxita baitzeuden. 20 urte pasatu ditugu horiek garbitzen eta egun edozeinentzako erabiltzeko moduan daude, bai oinez, bizikletaz edo zaldiz. Zenbaitzuk, Malaka baserrikoek, Ramon Muñagorrik eta Dabid Iraolak oso ondo jarri dituzte zenbait langa, eta horregatik saria merezi dute.

Urkizuko gaina 500 metrotara dago. Ikuspegi zoragarriak ditu: Txindoki, Nafarroako mendiak, parke eolikoak, Jaizkibel… ikusten dira. Gurutzeaga baserriko tontorretik ere ikuspegi zoragarriak ditu.

Baina badaude zenbait gauza oker dabiltzanak. Urkizutik atera eta Eguzkitza aldera hartuta, Udeta iturriraino iristen da. 1963an ‘Txaparro’k jarri zuen iturria. Sasiak hartuta zegoen. Garbitu, ura etortzen dela jarri eta seinale bat jarri genuen. Horra joateko lokatz zulo bat zegoen bidean. Bidearen ondoko sasiak kendu eta jendea pasatzeko moduan jarri genuen, seinaleak ere jarriz. Norbaitek hori dena puskatu eta itxi egin du. Auzo alkateari galdetu nion kexarik izan ote zuen horren inguruan, eta ezetz esan zidan. Puskatu duenak gizatasun gutxi erakutsi du.

Bestalde, 800 metrotara dagoen Urkizuko errepikagailuaren ondotik pasatzen da Tolosatik Herniora joateko bidea. Hormigoizko pista errepetidorean bukatzen da. Kamioiak karga handiarekin ibili dira eta pistatik gorako bidea dena hondatuta utzi dute. Ez dakit nori dagokion, udalari edo Foru Aldundiari, bide hori konpontzea, baina oraindik ez da ezer egin.

Beste gai bat eskola zaharraren eraikina da. Orain 40-45 urte inguru eraikin berria egin zen frontoiaren ondoan, eta gero, Foru Aldundiak orain 30 urte inguru bota egin zuen, esanez eskola zaharreko eraikina auzoarentzat izango zela. Apaiz batek, baina, orain urte batzuk Gotzaitegiaren izenean jarri zuen, eta orain giltzapean dago, inor ezin dela sartu. Gustatuko litzaidake jakitea zein izan ziren apaiz horren laguntzaileak eraikin hori auzoari lapurtzeko.

Antton Bandresen oroimenez

Antton ezkonberritan Urkizu aldera etorri zen bizitzera. Horretarako, nola ez, etxe bat behar zuenez, etxe berri bat egin zuen. Hau guztia orain dela hogeitamairu urte izan zen.

Jakina den bezala, Antton oso gizon irekia zen giza harremanetan, eta berehala izan zituen inguruko gehienekin harreman adiskidetsuak. Beraz, oso ezaguna zen eta estimatua gehienentzat.

Hil baino egun batzuk lehenago, Antton eta biok, 28 Kanala-rekin joan ginen Elur zulo deritzan ingurura, nola zegoen ikustera. Antzina, zulo hauek, elurra urtu gabe mantentzeko funtzioa zuten, ospitaletan sendabide erabiltzeko, eta abar.

Bere asmoa inguru hura txukuntzea zen, jendeak ikusi eta ezagutu zezan. Garai bateko ohiturak erakusteko asmoak hor gelditu dira oraingoz. Noiz helduko ote zaio berriz ekintza honi, behar den bezala burutzeko?

Agustin Iraola

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!