Bilduko eta Aralarko zinegotzien bozkekin onartu dute 2012ko Tolosako Udaleko aurrekontua, 21,4 milioi eurokoa. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute. Udal gobernua eta EAJ akordioa sinatzekotan izan dira, baina azkenean EAJk ezezkoa eman du, «zenbait puntu nagusitan» ados ez egoteagatik.
Astelehen iluntzean egindako osoko bilkuran jorratu zen aurrekontuen gaia. EAJk akordioari ezezkoa ematearen puntu nabarmenena Tolosagasa enpresaren salmenta izan zen. Jeltzaleak saltzearen alde agertu ziren, eta hori akordioan ez egoteak atzera bota zituen baiezkoa ematerako unean. Bildu eta Aralar alderdietatik erantzun zitzaienez, «Tolosagasa enpresaren gaiak hausnarketa prozesu bat eskatzen du». Salmentarekin udala deskapitalizatu egingo litzatekeela esan zuten, eta, salduz gero, lortutako diruarekin «beste proiektu batean inbertitzea» hobesten dutela.
Aurrekontuen gaiari sarrera eginez, Ibai Iriarte alkateak «egun bizi dugun egoera politiko eta ekonomikoa» izan zituen hizpide. Horrez gain, Elosegi parkearen gaia nabarmendu zuen: «Karga handia da udalarentzat». Herenegun bertan sinatu zen hitzarmena parkearen jabeekin, eta lehenengo ordainketa, milioi batekoa, egina dagoela esan zuen. Datorren urtean beste hiru milioi ordaindu behar direla gogora ekarri zuen eta horrek eragina izango duela udalaren jarduera ekonomikoan.
«Gastu mailari eutsi»
Lore Agirre alkateordeak zehaztu zituen 2012ko aurrekontuen lerro nagusiak. Alde batetik, helburuetako bat «gastu mailari eustea» zela zehaztu zuen: «Inguruan murrizketak egiten ari dira, eta guk gastu sozialari eutsi egingo diogu. Gainera, udalek ekonomian traktore izan behar dute». Bestalde, euskara eta euskal kultura «indartzeko asmoa» dutela azaldu zuen. Horrez gain, beste helburuetako bat «kalitatezko enplegua sortzea» dela esan zuen Agirrek: «Lan hitzarmena sinatu nahi da eta langileei KPIa igoko zaie». Elosegi parkea ere aipatu zuen alkateordeak eta gaiari «konponbidea» eman zaiola nabarmendu zuen.
Aralar alderdiko Iñaki Irazabalbeitia zinegotziak «testuinguru ekonomiko berezia» bizi dela zioen eta horrek azpiegitura berriak egitea baldintzatzen duela. Horrez gain, batzorde buru den Hizkuntza Politika eta Hezkuntza saila «indartuta» atera dela esan zuen, eta «normalizazioan urratsak» egingo direla zehaztu zuen.
Oposizioaren kritikak
EAJko Jokin Azkue zinegotziak osoko bilkurarako prestatutako idatzia irakurri zuen, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuari errepasoa eginez, eta aurrera begira herrian egin beharko liratekeen proiektuak zerrendatuz. EAJren arabera, udal gobenuak aurkeztutako aurrekontuak «ez daude pentsatuak krisialdiari aurre egiteko. Ez dago ohiko ekintzetatik aparte inolako berariazko proposamenik enplegua sortzeko, ekonomia pizteko edo gizarte ongizatea sustatzeko».
Bestalde, Bilduk eta Aralarrek oposizioan dauden alderdiekiko «jarrera aldatu dutela» esan zuten jeltzaleek: «Aurrekontuen eztabaidan, adostutakoak adostuta eta desadostasunak desadostasun, jarrera irekia azaldu dute, hau guztiaren eztabaidan. Benetan argigarria eta poztekoa azaldu berri den EAJrekiko jarrera». Aurrera begira «eskuak luzatuko» dituztela gaineratu zuten, «egoera ekonomikoa gainditzeko».
PSE-EEko Jose Ignacio Asensio zinegotziak kontrako bozka egitearen arrazoia «inbertsio faltan» oinarritu zuen: «Krisian gaude eta hori nabaritu egiten da. Ados nago gastu soziala mantendu egin behar dela esatean, baina inbertsiorik ez da azaltzen aurrekontuan, ez dago proiektu berririk».
Udal langileak
Osoko bilkurako beste gai bat langileei buruzkoa izan zen. Aurrekontuen eztabaidan ere agertu zen gaia. Udal gobernuak proposatutakoaren arabera, ingurumen teknikaria eta parekidetasun teknikaria udal lantaldean izango dira, «lanpostu estrukturalak» direlako. Udal gobernuaren aholkularia lanaldi erditik osora pasatuko dute. Bestalde, Kulturako koordinatzaileari, udaltzain buruari eta Tolosa Lotzeneko langileari ez zaie berrituko. EAJ eta PSE-EE ez ziren ados azaldu aldaketekin eta aurka bozkatu zuten.
Arriarango gasolindegiaren ondoan aurreikusita dauden biribilguneari eta zubiari buruzko hitzarmena ere osoko bilkuraren gai zerrendan zegoen. Ibai Iriartek azaldu zuenez, «Foru Aldundiak hitzarmena suntsiarazteko eskaria egin du, aurten ez baita erabiliko proiektu horretarako gordeta zuen dirua eta hurrengo urtean erabili ahal izateko aurrekontutik kendu behar du. Formalismo kontua da eta hurrengo hiru hilabeteetan berriro sinatuko da hitzarmena». Udal gobernuarentzat «lehentasunezko proiektua» dela gaineratu zuen alkateak. Bere aldetik, EAJk kontrako bozka eman zuen gai horretan, proiektu «oso estrategikoa» zela eta «hitzarmena berritzeko data berririk ez zegoela» esanez. PSE-EE abstenitu egin zen.