Joxe Mari Arana: «Behartsuei laguntzen zieten»

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko abenduaren 23a

1840koa da Joxe Mari Aranak gorderik duen libururik zaharrena. Oso letra txukunez, akta moduan bilduta ageri da, zapatarien San Crispin eta San Crispiano kofradia 1616an sortu zela. Santa Maria parrokiako sute batek, ordea, informazioa lausotu zuen, eta kofradiako kideek gotzaintzako dokumenturen batean zapatarien taldeak agertu behar duela uste dute.

Kofradia nola sortu zen?

Nola sortu zen ez dakigu oso ondo. Larruarekin lan egiten zuen jendea omen zen kofradiakoa, eta garai hartan, duela ia 400 urte, behartsuei laguntzen omen zieten jasotzen zuten diruarekin. Kuota moduko bat omen zuten, horretarako. 2016an 400 urte egingo ditu.

Tolosan bertan sortu zen?

Hori ez dakigu ziur. Zapata saltzaileena baino gehiago, zapatak konpontzen zituztenena zen kofradia.

Garai hartako dokumentuak edo paperak ba al dituzue?

Nik bi liburu ditut; bat nahiko zaharra da, eta bestea berrixeagoa da. Santa Maria parrokian, duela urte asko, sutea izan zen Amarrandegi deitzen zioten leku batean. Kofradiak zituen estandarteak eta bestelako gauzak erre egin omen ziren han. Nik ditudan liburuetan zaharrena, oso berezia eta polita da, batez ere zein letrarekin idatzita dagoen; oso zaharra da, gainera.

Nolatan sartu zinen zu kofradian?

Nire aita zena kofradiako kidea zen, eta ni hirugarren belaunaldia naiz; nire aitona ere kidea zen, beraz. Aita hil zenean ni sartu nintzen. Kate moduko bat da, eta kide gehienak egoera bertsuan daude: gurasoengandik jasotako tradizioa da. Hala ere, euren kontura sartu direnak ere badira. Urtean euro bateko kuota daukagu, eta ez da gauza izugarria beraz, partaide izatea. Orain, Eguberrietarako, loteria ateratzen dugu urtero, parte-hartzeak. Bi euroko prezioa izaten dute, eta hortik 1,80 euro jokatzen dira, eta 0,20 euro kofradiarentzako gordetzen ditugu. Diru horrekin elizako gastuak, urtean behin egiten dugun afaria, eta abarrak ordaintzeko justu-justu iristen zaigu.

Gaur egun kofradiak zein funtzionamendu du?

San Joan egunean bi santuak ateratzen ditugu prozesioan. Bestalde, urriaren 25ean da santuen eguna, eta urtero meza bat ospatzen dugu; zapata dendak itxita egoten dira egun horretan. Lehen leku askotan egiten zuten gauza bera, baina orain Tolosan bakarrik egiten dugula uste dut. Lehen Bilbon-eta ospatu egiten omen zuten, baina orain ez. Errioxan ere, Arnedon, oinetakoen fabrika asko daude, eta aspaldi, nagusiek jai hartzen omen zuten egun horretan. Langileei bazkaria ordaintzen zieten, eta arratsaldean lanera joaten ziren berriro. Ohitura hori erabat galdu dutela uste dut.

Inguruko beste herrietan ez al dago ba, kofradiarik?

Ez. Gipuzkoan Tolosakoa bakarrik dago, eta gainerako herrietan ez dut uste martxan jarraitzen dutenik. Hernanin lagun bat badut, eta lehen zerbait ospatzen zutela badakit. Bilbon eta inguruetan ere ba omen ziren, baina ez dute ezer ospatzen, eta ez dakigu kofradiak jarraitzen ote duen.

400. urteurrena laster beteko duzue. Zerbait berezirik egitea pentsatu al duzue?

Zerbait berezia egin nahi dugu. Udalarekin, Santa Maria parrokiarekin edo gotzaintzarekin hitz egin beharko dugu. Ospatzeko ere denbora behar da ordea, eta dendarekin ezinezkoa da.

Kofradiako kide guztiak zapatariak zarete, edo askotariko jendea dago?

Ez. Lagun arteko kontua dela esan daiteke. Zapatariak direnak eta euren inguruko jendea. Mediku bat bada, abokatuak ere bai, ... 76 lagun gara orain kofradeak. Zapatariak 14 inguru izango gara, eta gero senideak, emazteak eta inguruko jendea biltzen gara. Batzuk zapatari izandakoen bilobak dira, eta jarraitu egiten dute. Hala ere, aitortu behar dut gehienak zapatariak ez direnak direla.

Nola ikusten duzu gaur egun zapata denda nahiz denda txikien etorkizuna?

Guztia bezala nahiko zail ikusten dut. Gauzak asko okertzen ari dira, eta salmentak asko murriztu dira azken urteotan. Merkatariaren lana beti izan da zaila, baina gero eta zailagoa jartzen ari da. Gainera, zapatarioi asko eragiten digu eguraldiak. Guk orain euria, euria eta euria beharko genuke oinetakoak saltzeko, eta giro honekin... Ez du ia euririk egiten, eta bi egunetan gehiegi egin zuen arren, horrek ez du saltzea bermatzen. Negua nahiko lehorra izaten ari da, eta ez da aurtengo kontua bakarrik. Eguraldiak jendea behartzen ez badu, jendeak ez du zapatarik erosten, eta egungo ekonomiaren egoerarekin are gutxiago.

Eta betiko bezerorik ez al duzue?

Bai, baina oso gutxi. Betiko bezero fidelaren arraza hori desagertu egin dela esan daiteke. Lehen ohitura handiagoa zen horretarako. Gaur egun dagoen eskainztarekin, jendea gehien komeni zaion dendara joaten da, eta batez ere gazteak. Normala da, gainera, izan ere, betiko dendan dauden produktuekin zergatik konformatu, beste dendetan prezio hobea edo gehiago gustatzen zaizun zerbait baldin badago? Norberak bere diruarekin nahi duena egiten du. Nik ahal dudan produkturik politenak ekartzen ditut, baina gero bezeroak erabakitzen du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!