Unai Arroyo korrikalariak jaso du urteko kirolari onenaren saria

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko abenduaren 23a

Herriko kirol taldeek, eragileek eta komunikabideek hala erabakita, Unai Arroyo korrikalariak jaso du urteko kirolari onenaren saria. Hamar hautagaiko zerrenda zen aurtengoa, eta Arroyoren aitak jaso zuen bere oroigarria, herenegun Leidorren ospatutako Kirol Galan; horrez gain, bere izena daraman plaka jarriko dute Usabal kiroldegiko sarreran.

Lorpenez lorpen, urte ona osatu du atleta tolosarrak. Espainiako txapelketan 10.000 metrotako proban brontzezko garaikurra irabazteaz gain, pasa den abenduaren 11n, Esloveniako Velenje herrian ospatu zuten Europako kros txapelketan parte hartu berri du. Atapuercako eta Soriako (Espainia) nazioarteko krosetan egin zuen lan onari esker, Espainiako atletismo federazioko Luis Miguel Landak hautatu zuen Unai Arroyo, Espainiako selekzioarekin Esloveniara joateko.

Euskal Herriko lasterketetan ere oso emaitza onak lortu ditu Arroyok; hala nola, Tolosako San Esteban auzoko krosa irabazi zuen pasa den udazkenean, eta Lasarte Oria Bai nazioarteko krosean ere, garaipena eskuratu zuen. Datorren abenduaren 31ko Elkartasun krosean ere, ohibezala parte hartuko du.

Urte osoko lanaren saria

Unai Arroyorekin batera, herriko beste hainbat kirolari edo kirol talde nabarmendu nahi izan ditu udaleko Kirol batzordeak.

Horrela beraz, beste bederatzi oroigarri ere banatu zituzten Ibai Iriartek, Lore Agirrek, Hasier de los Riosek, Pello Etxabek, Koldo Arsuagak, Olatz Peonek eta Joxelu Anduezak.

Maddi Amianok jaso zuen lehen aipamen berezia. Judoan, Espainiako iparraldeko txapelketa irabazi du aurten, eta era berean, zazpigarren postua lortu du Espainiako txapelketan.

Mara Varela, berriz, urpeko igeriketan aritzen da, eta Espainiako junior txapelketako hainbat modalitatetan irabazle suertatzeaz gain, Munduko proba absolutuetan ere parte hartu du igerilariak.

Bide beretik, igeriketan egindako lanagatik jaso du, Marta Alonsok, kirolari aipagarrien oroigarria; tximeleta estiloan Espainiako txapeldunordea izan da, eta Euskadiko txapelketa irabazi du, bizkar estiloan.

Pistako txirrindularitzan, berriz, Irene Usabiaga nabarmendu zuten Kirol Galan; taldekako abiadura proban txapelduna izan da, eta banakako abiadura proban nahiz 500 metroetako proban, txapeldunordea.

Iraupen eskiak ere izan zuen aipamen berezirik asteazkeneko Kirol Galan, Imanol Rojok jaso zuen oroigarria zela eta. Espainiako txapelduna izan da aurten, eta Espainiako A selekzioan ere aritu da.

TAK arraun klubeko neskek ere, lorpen handiak izan dituzte 2011ko udan, Tolosa-Getaria traineruarekin: Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi dituzte, eta horrez gain, Gipuzkoako ligako nahiz Euskotren ligako garaileak izan dira.

Triatloian, Aimar Agirresarobek jaso zuen oroigarria, distantzia luzeko triatloian Espainiako txapelketa irabazteagatik.

Gimnastikan, Euskadiko txapelketako bigarren sailkatua izazen zen Onintza Odriozola, eta urteko kirolari aipagarrienen oroigarria jaso zuen honek ere.

Azkenik, Lander Gil atletaren saria bere arrebak jaso zuen oholtzan, Estonian, Europako junior txapelketan, hesietako 110 metroetako finalerdietara iritsi izanagatik.

Aipamen bereziak

Aitor Elduaienek aurkeztutako Kirol Galak izan zituen, aipatutakoez gain, beste hainbat protagonista.

Modu batera edo bestera kirolaren alde zerbait egin dutenek, aipamen berezia jaso zuten Leidorren. Horrela, Xabi Fernandez nabigatzailearen izenean, esaterako, kirol merezimenduaren saria jaso zuen bere emazteak. Tolosako Aralar kirolak eta Shanti kirolak kirol dendek, berriz, kirolari emandako babesagatik jaso zuten aipamena. Kirolean bolondres moduan egindako lanak ere, izan zuen aitortza; Sebas Osinaldek jaso zuen oroigarria. Berdintasun saria, berriz, gimnastikan aritzen den Iker Larrañagak jaso zuen, ez baita ohikoena bere kirolean mutikoak aritzea. Tolosaldea Triatloi Taldearen izenean, Iñaki Insaustik jaso zuen kiroltasunari emandako saria, eta triatloitik aldendu gabe, Itsaso Leunda eta Egoitz Zalakain, azken urteotako kirol ibilbideagatik sarituak izan ziren.

Etorkizuneko kirolariak

Emaitza onak lortzeko, aurretik urratu behar omen da bidea. Horretan dabiltzan neska-mutilei, etorkizuneko kirolari kadeteen diplomak banatu zizkieten udal ordezkariek: Ainhoa Rueda eta Tolosa CFko atletismo taldeko nesken errelebo taldea; Ane Iriarte eta Nahia Dominguez txirrindulariak; Ane Gorostegi eta eta Irati Izagirre eskiatzaileak; Aritz Aramendi judoka; Irati Lakunza urpeko igerilaria, eta Idoia Alonso igerilaria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!