Txotxongilo ikuskizuna, mendi irteera nahiz olinpiar kirolarien hitzaldia izango dira urtarrilean, Ero Etxe elkarteak antolatzen duen krosaren 25. urteurrenaren harira.
Urteroko krosa, urtarrilaren 22an izango da, baina aurreko astean kirolaren inguruko hainbat jarduera izango dira. «25 zenbaki borobila da, eta beraz, ekitaldi borobilak antolatu ditugu», azaldu du Ero Etxeko Isitxo Larrañaga ordezkariak. Bide honetan, haur eta gazteei begirako jarduerak antolatu ditu elkarte tolosarrak, herri krosa bera bezalaxe.
Enamorirse txotxongilo emanaldiarekin hasiko da egitarau berezia, datorren urtarrilaren 14an. 4 urtetik 8 urtera bitarteko haurrei zuzenduriko ikuskizuna Topic eraikineko aretoan izango da, 17:00etan, Valentziako Ptvclown taldearen eskutik.
Hurrengo egunean, berriz, mendi irteera egingo dute, 09:00etan Trianguloa plazatik abiatuta. Antolatzaileek azaldu dutenez, igande goizetan mendira joateko ohitura pixkanaka galtzen ari da, eta usadioa berreskuratzeko bidean antolatu dute jarduera, 8 urtetik gorako edozein herritarrentzat.
Krosaren astean bertan ere izango da tolosar gazteak kirol mundura hurbiltzeko jarduerarik. Besteak beste, urtarrilaren 18an, hiru olinpiar kirolarik hitzaldia eskainiko dute Topic-en, Iñigo Asensio moderatzaile dutela; Mikel Odriozola korrikalaria, Ekaitz Saies piraguista eta Oiana Blanco judoka izango dira kirolariak.
Egitarauaren aurkezpenean, Ero Etxe elkarteko ordezkarien urte hauetan guztietan lagundu dieten babesleak nahiz Tolosako Udala, gogora ekarri nahi izan zituzten. Honen harira, urtarrilaren 19an, kroseko laguntzaileei eskerrak emateko ekitaldi ofiziala egingo dute; opari banaketa eta luntxa ere izango dira.
Azkenik, urtarrilaren 21ean, krosaren bezperan, erraldoi eta buruhandiak kalez kale ibiliko dira, Ero Etxe txarangarekin batera, herria girotzeko helburuz, 12:00etatik aurrera.
Aipatzekoa da, aste osoan zehar 25 urte hauetan krosean ateratako argazkien erakusketa ikusgai izango dela, kultur etxean.
25. urtez korrika
Azken mende laurdenean 15.000 korrikalari inguruk parte hartu dute Ero Etxeko krosean. Hauetariko askoren artean, gainera, kirolzaletasuna piztu du lasterketak, eta antolatzaileek «oso harro» azaldu dute euren burua, kirola sustatzea baita helburu nagusietako bat.
Ero Etxe elkarteak, urteroko kartelez gain, 25 urteetan kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuen izen-abizen guztiak biltzen dituen liburuxka berezia prestatu du, egitarauarekin batera. Krosean, hala ere, parte hartzaile guztientzat izaten da oroigarria, eta aurtengo lasterketarako trofeo bereziak prestatu dituzte. Horrez gain, opari asko zozkatuko dituztela ere nabarmendu dute antolatzaileek.
Izena eman nahi duten gaztetxoek, euren ikastetxeen bidez egin beharko dute; bestela, krosa hasi baino ordu bete lehenago ere izango dute aukera.