Euskal preso eta iheslarien alde, Tolosan agerraldia egin dute eragile eta norbanako ezberdinek. 10:30ean udaletxeko pleno aretoan elkartu dira. Egin Dezagun Bidea ekimenaren barruan antolatu dute.
Testu bateratua irakurri du Josebe Iturrioz Tolosako Udaleko Berdintasun teknikariak. Ordezkari ezberdinak, senideekin batera elkartu dira. Besteren artean, bertan izan dira, Aiora Zulaika Pirritx, Javi Arana, TAKE edota Ibai Iriarte alkatea.
300 lagunek eman diote babesa aldarrikapenari, eta horien artean daude: Jexus Martinez sendagile nutrizionista, Jonan Fernandez Baketikeko zuzendaria, Joxe Mari Iturralde idazlea, Kike Amonarriz soziolinguista, Aitor Elduaien kazetaria edota May Gorostiaga antzerkigilea.
Lau puntu hauek aldarrikatu dituzte:
- Eskubide guztiekin, Euskal Presoak Euskal Herrira.
- Kondena bete duten presoak kalera, eta 3/4ak bete dituzten presoak kalera. Bizi arteko doktrina indargabetu.
- Gaixotasun larriak dituzten presoak kalera
- Isolamendu eta bakartzearekin amaitu.
Eta, "indarrak batzea ezinbestekoa" dela adierazi dute, eta hilaren 24ean, larunbatean egingo den manifestaziorako deia luzatu dute. 18:45ean abiatuko da Trianguloa plazatik. Era berean, Urtarrilaren 7an Bilbon izango den manifestazio kolosalean parte hartzea "eskatu" dute.
12:00etan, euskal presoen aldeko estropadak egin dituzte Oria Ibaian.