Beldurrik ez izateko, eta euskaraz egiteko esanez hasi zuen Iñaki Irazabalbeitiak, atzo iluntzean, udaletxean egin zuten prentsaurrekoa. Udalarekin euskaraz, zure eskubidea delako leloa duen kanpaina aurkeztu zuen, euskara batzordeko Miren Urkola eta Nuria Carbonell-ekin batera.
Udal gobernuak azken hilabeteotan azaldu duen bezala, Tolosako hizkuntza euskara izatea lortu nahi dute, erabileran indar berezia eginez. Horrela beraz, udalean "ia langile erdaldunik ez" dagoenez, Tolosako Udalak jendea bultzatu nahi du udalarekiko harremanak euskaraz izatera.
"Garrantzitsuena ez da ondo egitea, arituz, eginez, jardunez ikasten da", nabarmendu zuen Iñaki Irazabalbeitiak, Hizkuntza politika eta Hezkuntza batzordeko buruak. "Kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina hau" herritarren artean zabaltzeko, kartelak herrian barrena itsatsiko dituzte datozen asteotan.