Datorren abenduaren 11n, Esloveniako Velenje herrian ospatuko dute, Europako kross txapelketa. Unai Arroyo korrikalari tolosara, proban Espainiako selekzioarekin parte hartzeko aukeratu dute.
Aurredenboraldi ona egin du Arroyok, izan ere, Tolosako San Esteban auzoko krossa irabazteaz gain, Lasarte Oria bai krossean ere garaipena eskuratu zuen.
Esloveniara joateko, berriz, Atapuercako eta Soriako (Espainia) nazioarteko krossetan lan ona egitea zuen baldintza bakarra; izan ere, Espainiako atletismo federazioko Luis Miguel Landa aritu zen, bi probak ikusten.
Hasiera batean, Europako txapelketan parte hartzea lorpen zailtzat ikusi zuen Arroyo tolosarrak, Espainiako espezialistarik onenekin lehian ari baitzen. Hala ere, bi norgehiagoketan oso lan ona burutu zuen Unai Arroyok, eta Esloveniara joango diren sei korrikalarietako bat izatea lortu zuen.
Aipatzekoa da, Europako kross txapelketan parte hartuko duen korrikalari euskaldun bakarra dela. Dena den, ez da Arroyok kirolari internazional moduan txapelketa batean parte hartuko duen lehen aldia izango; duela bi urte, gazte mailako Europako txapelketan, brontzezko garaikurra eskuratu zuen, 3.000metrotako proban.
Eslovenian, garaikurrik lortzea zaila izango du Arroyok, maila handiko korrikalariekin lehian ariko baita. Hala ere, sei sailkatuen artean egotea oso garrantzitsutzat jo du Tolosa C.F. atletismo taldeak, eta lehiaz gozatzea eta ahalik eta probarik onena egitea izango du helburu, Arroyok.