Tolosako Udalaren adierazpen instituzionala, Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako eguna dela eta

tolosa 2011ko azaroaren 24a

Tolosako udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek, aho batez, honako adierazpena egin dute Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela eta.

 

Azaroak 25, Indarkeria Sexistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izanik, Tolosako udaletik  irakurketa propioa egin beharra ikusten dugu.

Gizarte batentzat gaitz larri eta orban itsusia den indarkeria honek badu bere sorburua, bere iturria eta berau pairatzen ez jarraitzeko badugu nora jo iturria lehortzera. Indarkeria mota hau ez da soilik bikotekideen edo bikotekide ohiaren esku hiltzen diren emakumeek pairatzen dutena, tratu txarrak sufritzen dituztenena, baizik eta emakume izateagatik, ezberdintasun egoeren ondorioz, edozein emakumek bizi duena.

Zentzu honetan, indarkeria kasu hauek bere osotasunean ikusi behar direla uste dugu, “gaitz” moduan zenbaketa hutsa egiteari uzteko, arazo estruktural bezala ikusteko eta erantzun eraginkorrak emateko. Sexuen arteko ezberdintasun egoera larrien ondoriorik bortitzena da indarkeria mota hau eta indarkeria latz honetaz hitz egiteko beharra dagoen bezala, errespetua, askatasuna, autonomia eta berdintasuna oinarri dituzten harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko beharraz ere hitz egin nahi du gure gizarteak.

Mota guztietako emakumeek paira dezaketen arren, egia da emakume guztien errealitatea ez dela berdina. Horregatik, egun honen harira emakume kolektibo batzuek dauzkaten zailtasun atxikiak aipatu nahi ditugu ikusezintasunean gera ez daitezen. Paperik ez izateagatik, diru iturri propiorik ez izateagatik, menpekotasunak edo gaitasun urritasunak izateagatik edota preso egoteagatik,  zenbait kolektibo indarkeria pairatzeko arriskura gehiago hurbiltzen dira.

Horregatik guztiagatik, Tolosako udalak ondorengo  adierazpena aurkeztu du:

1. Indarkeria sexistari aurre egiteko modurik integralena, sexuen arteko harremanak parekatu eta ezberdintasun egoerekin amaitzea dela aintzat hartuta, emakumetasuna eta gizontasuna bizitzeko ereduak eraldatzeko neurriak hartzea aldarrikatzen dugu, sexuen arteko harremana parekidea izan dadin, baita maitasuna, mito erromantikoa eta afektua ulertzeko moduak ere.

2-. Bide honetatik, gazteriarekin, neskato nahiz mutikoekin egin beharreko lana ezinbestekotzat jotzen dugu. Neska gazteentzako baliabideak jarriko ditugu, indarkeria egoerez jabetzeko eta hauei aurre egiteko aukera hobea izan dezaten. Beren burua rol sexistetan sartzen ez duten mutiko gazteak ere babesteko eta indartzeko asmoa dugu. Hezkuntzak eta komunikabideek eragin handia dutenez emakumetasunaren eta gizontasunaren ereduak sortzen eta gizarteratzen, bi komunitate horiekin lan egitea dugu helburu.

3- Azkenik, erreferente positiboen beharra goraipatu nahi dugu instituzioetatik; egunerokotasunean indarkeria sexistari aurre egiten dioten emakume guztiak, milaka direnak, denon begi bistan jarriaz, plazara ekarriaz, eredu baitira “aski da” esaten duten horiek. Ez emakume helduak bakarrik, “stop” esaten dakiten neskatoak, indarkeriaz jokatzen ez duten mutikoak..., horiek ere  goraipatu nahiko genituzke,  denontzat baita baliagarria harreman eredu berriak martxan daudela ikustea.

Tolosan,  2011ko azaroaren 25ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!