Bertsolari mundua Tolosara begira egongo da igande honetan, bertan jokatzen baita Gipuzkoako Txapelketaren bigarren finalaurrekoa. Saioan puntu gehien biltzen dituen bertsolariak, zuzenean finalerako txartela lortuko du. Besteek, hirugarren finalaurrekoaren zain gelditu beharko dute, puntuen arabera aurrera egiten duten ala ez jakiteko.
Usabal kiroldegian jokatuko den kanporaketan, sei bertsolari egongo dira, eta horietatik bat eskualdekoa izango da: Jesus Mari Irazu larrauldarra. Finalaurrekoa 17:30ean hasiko da, eta sarrerak aldez aurretik erosi nahi dituenak, horretarako aukera www.gpuntua.com helbidean izango du.
Jesus Mari Irazurekin batera, ondorengo bost bertsolari ariko dira Tolosan: Beñat Lizaso, Aitor Sarriegi, Iñigo Izagirre, Unai Agirre eta Nerea Elustondo.
Gaiak jartzen Jon Zaldua egongo da, eta saioa antolatzerako unean, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Tolosako Udalaren eta Tolosako Bertso Eskolaren laguntza jaso du.