Euskara, hizpide eta festarako bide

Imanol Garcia Landa 2011ko azaroaren 22a

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta horren harira ekitaldiak antolatu dituzte Tolosan. Alde batetik, Galtzaundi euskara elkarteak, hainbat ikastetxe, Tolosako Udala eta Aitzol udal euskaltegiarekin batera, mosaikoa eta mintzodromoa antolatu ditu. Bestalde, gazte tolosarrek aldarrikapena eta festa uztartuko dituzte.

Galtzaundik bultzatutako ekitaldiak abenduaren 2an egingo dituzte. Tolosako Udalaren eta Aitzol udal euskaltegiaren laguntzaz gain, Hirukide, Laskorain, Samaniego, Orixe eta Uzturpe ikastetxeena jaso dute. Aurkezpenean azaldu zutenez, «euskararen erabilpenean eragiteko eta elkarlana sustatzeko asmoz» antolatu dute egitasmoa.

Ekitaldiak mosaikoarekin hasiko dira. Bertan parte hartuko dute Uzturpe ikastola, Laskorain ikastola, Hirukide eta Samaniegoko kideek. Ikastetxeen parte hartzearekin Euskaraz bizi nahi dugu mosaikoa landuko dute. Beotibar frontoian izango da ekimena.

Mintzodormoa arratsaldean izango da, Fronton kafetegian. Euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten herritarrei zuzendutako ekimena dela azaldu dute Galtzaunditik. «Mintzalagun egitasmoan parte hartzen duten pertsonei eta Aitzol udal euskaltegiko ikasleei Mintzodromoan parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie», zehaztu dute.

Bertan parte hartu ahal izateko Galtzaundin izena ematea beharrezkoa da, dinamizatzaile nahiz parte hartzaile gisara jarduteko. 943 65 50 04 telefono zenbakian, koordinatzailea@galtzaundi.com helbide elektronikoan edo Galtzaundiko bulegoan (Nafarroa etorbidea, 6) eman daiteke izena. Euskaraz hitz egiteko premia dutenei, ordubetez eta kafe bat hartuz, gune hori eskaintzea da ekimenaren helburua. Euskara hutsean, euskararekin lotutako hiru gai landuko dira ordubetez: Tolosan euskararen erabilpena, kulturaren kontsumoa zein hizkuntzatan burutzen den eta euskararen erabilpena bultzatzeko proposamenak.

Lau pertsonek osatuko dute talde bakoitza eta hamabost minuturen buruan taldekideak aldatuko dira, gai bakoitza pertsona ezberdinekin lantzeko aukera eskainiz. «Talde bakoitzean dinamizatzaile lana burutuko duen pertsona bat egongo da, eta tartean herriko aurpegi ezagunak ere topatuko dira», esan dute antolatzaileek. Hirukide, Laskorain, Samaniego eta Orixe ikastetxeek ere euren mintzodromoa landuko dute. Mintzodromotik eskuratutako ondorioak mahai inguru batean aurkeztuko dira, Tolosako udaletxeko areto nagusian.

Aurkezpenean, ikastetxeen ordezkariak egon dira, eta hauek mezu bat luzatu diote gizarteari: «Euskarak behar duen bultzada, ez da bakarrik hezkuntzaren aldetik etorri behar, baita kaletik eta etxetik ere. Eskoletan egiten dena, gero kalean eta etxeetan bere islada izan dezan garrantzi handikoa da».

Abenduaren 2an ere, Galtzaundi euskara elkarteak Eskerrak Zuri aipamen berezien banaketa egingo du Tolosako udaletxeko areto nagusian.

«Egun garrantzitsua»

Abenduaren 3ko ekitaldiak Tolosako gazteek antolatu dituzte. Hitzaldia, bazkaria, bertsolariak, ekitaldia, poteoa, txokolate jatea eta kontzertuak antolatu dituzte. Ekimenaren aurkezpenean, Euskararen Eguna aldarrikatu zuten: «Guretzat eta oro har euskaldun guztientzat, egun honek garrantzi handia izan beharko luke, euskara baita gure herriaren oinarri garrantzitsuena».

Antolatzaileek gaineratu zutenez, «euskarak egiten gaitu euskaldun, gure kulturaren, eta herri izaeraren zutabe garrantzitsuena da, horregatik zapaldu gaituzteen estatuek behin eta berriz saiatu dira, eta ia lortu dute, gure hizkuntzarekin amaitzen, ongi dakitelako, hizkuntzarik gabe ez ginatekela deus izango, soilik zazpi lurraldeetan biziko ginatekeen frantses eta espainiarrak».

Euskara «hizkuntza zaharra eta historia askokoa» dela esan zuten, «garai txarragoak eta hobegoak ezagutu dituena, hizketa eremu zabalagoak eta estuagoak izan dituena». Bizirik iraun duela eta ez dela gutxi esan zuten: «Zorigaitzez hizkuntza askok ezin dute berdina esan». Horregatik, «euskararen kontuan ezin gara iraganera begira egon», esan zuten eta «gure hizkuntzak bizi behar badu, etorkizunera begiratzeagatik» izango dela gaineratu zuten.

Euskararen Eguna hizkuntza milaka urtez mantendu eta zabaltze lanean aritu direnei zor zaiela esan zuten; «jendea kontzientziatzen egin duten lana, ez baita broma». Jarraian Joxean Artzeren hitzak aipatu zituzten: «Hizkuntza bat ez da galtzen, ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik». Euskararen Eguna ospatu nahi dutela esan zuten, baina egunerokotasunaren garrantzia nabarmendu zuten: «Euskararen aldeko lana ez da egun batean egiten, urteko egun guzietan baizik».

Ekitaldiak

Abenduak 2, ostirala

10:00. Mosaikoa, Beotibar frontoian.

16:30-17:30. Mintzodromoa, Fronton kafetegian.

18:00. Mintzodormoari buruzko mahai ingurua, udaletxeko areto nagusian.

19:30. Galtzaundi euskara elkarteak Eskerrak Zuri sariak banatuko ditu udaletxeko areto nagusian.

Abenduak 3, larunbata

Goiz goizetik txistorra pintxoak eta edaria, Trianguloa plazan.

11:00. Euskararen inguruan hitzaldia, Plaza Berrian.

14:00. Bazkaria, Plaza Berrian. Ondoren, bertso saioa.

17:30. Ekitaldia egingo dute Plaza Berrian.

18:00. Poteoa, Plaza Berritik hasita.

18:00. Txokolate jatea Plaza Berrian.

20:00. Ogitartekoen salmenta, Plaza Berrian.

22:00. Kontzertuak Plaza Berrian. Ondoren, DJ Argitxoren emanaldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!