Tolosako Udala akordio batera iritsi da Montezkue auzoko Elosegi parkearen jabeekin, eta 2009an Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak esandakoa baino 1.057.548 euro gutxiago ordaindu beharko du desjabetzea. Guztira, beraz, 8.576.068 euro ordainduko ditu udalak, Elosegi parkearen desjabetzearen truke.
Parkearen desjabetzearen afera 1989an hasi zen. Hain zuzen ere urte hartan onartu ziren arau subsidiarioek, parke publikoaren izaera eman zioten Elosegi parkeari; eremua pribatua izanik, ordea, desjabetzearen bitartez publiko egitea erabaki zuten duela 22 urte.
Hainbat urtetan zehar, Tolosako Udalak eta Elosegi parkeko jabeek ez zuten salneurririk adostea lortu, eta beraz, auzia epaitegietara bideratu zuten. Modu honetara, 2009ko martxoaren 2an, Elosegi parkearen desjabetze prezioa 9.633.616 eurotakoa izango zela esan zuen Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak.
Sententzia honen ondoren, gainera, bi aldeek ezeztatze helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, epaia bertan behera uzteko helburuz.
Datozen 6 urteetarako
Udalak parkearen jabeekin adostutako akordioaren ondorioz, desjabetzearengatik ordaindu beharreko diru kopurua 8.576.068 eurokoa izango da. Kopuru honetatik 576.068 euro 2006. urtean ordaindu zituzten, eta geratzen diren 8.000.000 euroak 2016. urtea bitarte ordaindu beharko ditu Tolosako Udalak. Akordioaren bitartez, era berean, Auzitegi Goreneko helegitea bertan behera utziko dute bi aldeek.
Udalak akordioa «oso positiboa» dela azaldu du, alde batetik, 22 urte iraun duen auzia konponbidean jartzen duelako, eta bestalde, prezioa murrizteaz gain, ordainketa luzatzea lortu dutelako, epeen bidez.
Dena den, Udal Gobenuaren esanetan, «inbertsio honek zama handia sortuko dio udal altxortegiari datozen urteetan». Honen ondorio zuzen bezala nabarmendu dute, udalaren aurrekontuak nahiz inbertsiorako ahalmena «asko» mugatuko direla.
Honekin batera, ordea, herritarrei «baikortasun mezua» zabaldu nahi die udalak, eta elkartasunerako deia ere bai.