Bigarren porrota jarraian jaso du Laskorain areto futbol taldeak

tolosa 2011ko azaroaren 21a

Nafarroako Orkoien herriko Kirol Sport taldearen aurka jokatu zuen iragan larunbatean Laskorain areto futbol taldeak, eta kontrako emaitzarekin itzuli ziren horitxoak etxera, 4-1ekoarekin, hain zuzen ere.

Sailkapeneko goikaldeko postuetan kokaturik dagoen Kirol Sport taldeak nagusitasunez menperatu zuen Tolosako taldea. 1-0 aurreratu zen etxeko taldea lehenengo zatian. Bigarrenean, jokuak ez zuen aldaketa handiegirik erakutsi, eta aldea handituz joan zen pixkanaka. Hala, markagailuak 3-0ekoa adierazten zuenean, eta partidaren amaierarako 4 minutu baino falta ez zirenean, atezain jokalariaren taktika jarri zuen martxan Laskorainek. Honek berehalako eragina izan zuen, 3-1ekoa egin ahal izan baitzuten. Tolosarrek aukera gehiago izan zituzten, baina ez zen bat bera ere golean amaitu. Aldiz, etxekoek laugarrena egitea lortu zuten. Azkenean, 4-1ekoarekin bukatu zen partida. Erreskadan jasotzen duen bigarren porrota da, baina, oraindik ere leku erosoan mantentzen da sailkapenean.

Asteburu honetan Concepto Egileren aurkako derbia jokatuko dute horitxoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!