Xexili Deunaren eguna ospatuko dute Leidor aretoan

tolosa 2011ko azaroaren 17a

Xexili Deuna musikarien eguna izaten da. Datorren asteartean den arren, Tolosako Musika Bandak urteroko konztertua antolatu du Leidor aretoan, herriko beste musikari batzuk gonbidatuta.

Emanaldia 12:00etan hasiko da, eta Musika Bandaz gain, Tolosako Dultzainariak, Udal Txistulari Banda, Giroarte Dultzaina Taldea eta Isidro Larrañaga akordeoi orkestrak parte hartuko dute.

Horrez gain, Musika Bandak urteroko kalejira burutuko du Xexili Deuna egunean bertan, Alde Zaharrean barrena, 19:30ean abiatuta.

Bost musika talde

Leidorreko konztertuan, musika talde bakoitzak bizpahiru pieza eskainiko ditu.

Horrela beraz, Tolosako eta musika eskolako dultzaineroek Otsagabiako dantzen doinuekin hasiko dute emanaldia; Pañuelo dantza eta Kalejira joko dituzte. Jarraian, Diana eskainiko dute, La Marina eta Antzerki kalejirarekin amaitzeko. Jose Manuel Agirre ariko da zuzendari lanetan.

Tolosako Udal Txistulari bandari dagokionez, Rapsodia Irlandesa eta Lislorea izeneko polka eskainiko dituzte, Iñaki Letamendiaren zuzendaritzapean.

Giroarte Dultzaina Taldea igoko da oholtzara ondoren, eta Iñaki Salbadorren gidatuta, Diana El Guapo, Nere amak baleki zortzikoa eta Diana Alegre eskainiko dituzte.

Isidro Larrañaga akordeoi orkestrak, berriz, bi pieza eskainiko ditu Isitxo Larrañagak zuzenduta. Iñar Sastrek moldatutako Agurrarekin hasiko dira, eta The Lord of the Dance piezarekin amaituko dute.

Azkenik, Tolosako Musika Bandak Misión imposible eta La Jota de la Dolores piezak eskainik ditu, Luis Mari Gartziaren zuzendaritzapean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!