Carlos Sanchez azkoitiarra suertatu zen garaile xakean

tolosa 2011ko azaroaren 15a

Azkoitiako Anaitasuna Kakute klubeko Carlos Sanchez suertatu zen irabazle, partida bat bera ere galdu gabe, pasa den igandean, Tolosan ospatu zuten kadete mailako Gipuzkoako Xake txapelketan.

Urriko eta azaroko igandeetan jokatu dute txapelketa, Tolosako Xake Elkartean, eta Gipuzkoa osoko jokalariak aritu dira. Aipatu bezala, Carlos Sanchezek txapela lortu zuen pasa den azaroaren 13an, eta bigarren postua, berriz, iazko txapeldunak eskuratu zuen; Donostiako Gros klubeko Christian Sanchezek, hain zuzen. Hirugarren saria Hondarribiako Marlaska klubeko Daniel Garmendiarentzat izan zen.

Jokalari tolosarrei dagokienez, Danel Intxaurrondok lortu zuen posturik onena, zortzigarren sailkatuta.

Igandean Urdiña Txiki elkartean

Igande honetan, hilaren 20an, Tolosako Urdiña Txiki elkartean xake txapelketa jokatuko dute.

Txapelketaren hamargarren urteurrena izango da aurtengoa, eta antolatzaileek bereziki dei egin nahi diete eskualdeko xake zaleei; giro ona sortzea espero dute.

Xake azkar erara jokatuko dute, bost minutuko partidekin. Jokatu nahi duenak Urdiña Txiki elkartean bertan eman beharko du izena, txapelketa hasi baino hamabost minutu lehenago.Txapelketa, 10:00etan hasiko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!