Behobia-Donostia lasterketan Tolosaldeko eta Leitzaldeko bigarren emakumezkoa Amaia Arrue (Tolosa, 1979) izan da. Lasterketan parte hartzen duen laugarren aldia da, eta aurtengoa gogorra egin zaio. Hala eta guztiz ere, 1:33:03ko denborarekin amaitu zuen Behobia-Donostia. Hori bai, arantza batekin gelditu da; gutxigatik baina ez du bere marka hobetzerik izan.
Zer moduz aurkitu zenuen zure burua igandeko lasterketan?
Gogorra egin zitzaidan; eguraldi aldetik beroa egin zigun, eta egarri dezenterekin ibili nintzen lasterketa guztian zehar. Niretzat bero gehiegi egin zuen. Normalean eguraldi freskoekin hobeto ibiltzen naiz, eta herenegun beroaren eta egarriaren sentsazioarekin gelditu nintzen.
Gustura al zaude lortutako denborarekin?
Berez, iazko denbora hobetzeko asmoz joan nintzen. Lehengo urtean, 1:32ko denbora egin nuen, eta aurten 1:33. Oro har, gustura nago; pixka bat sufritu arren lasterketa bukatzea lortu bainuen.
Eskualdeko bigarren emakumea izan zara.
Hori ez nekien. Hala bada, pozik!
Behobia-Donostia nolako lasterketa da?
Niri asko gustatzen zait. Jende askok parte hartzen du, bai korrika eta baita ikusle bezala ere. Horrek izugarri animatzen zaitu. Niretzat oso lasterketa emozionantea da, asko gustatzen zait bertan korri egitea. Ikusleek gainera, asko laguntzen zaituzte.
Zer da gogorrena?
Aldapak. Gaintxurizketa eta Mirakruz gaina batez ere, baina tarteka beste maldatxo batzuk ere hor daude. Aurten nahiko gogorrak egin zaizkit.
Lasterketa gehiagotan parte hartzen al duzu?
Aurten Donostiako 15 kilometrokoetan parte hartu dut, baita hiru hondartzetakoan ere. Gero, Lasartekoa ere egin dut. Lasterketa hauek justu Behobia-Donostiakoa baino lehen izaten dira, eta zure gorputza nola aurkitzen den jakiteko erabiltzen dituzu; proba moduan, denbora hartuz e.a.
Eta hurrengo urtean, zer?
Berriro irtengo naiz, marka hobetzeko asmoz. Aurten gainera, hobetu ez dudanez, arantza horrekin gelditu naiz. Hori bai, ea zer eguraldi egiten digun.