«Helburuak bete ditut, baina asko sufrituta»

tolosa 2011ko azaroaren 14a

Amaia Arbillaga (Tolosa, 1984) izan da beste behin eskualdeko azkarrena Behobia-Donostia lasterketan. Bere marka hobetu du, 1:21:17 eginez, eta sailkapen orokorrean bederatzigarren postua lortu du.

Zure marka hobetzea espero zenuen?

Nire helburua marka hobetzea zen, baina ez nuen espero . Pozik nago, bero handia egin zuelako.

Nola joan zen lasterketa?

Hasieran ondo. Gero baxualdia izan nuen bosgarren kilometrotik hamabigarreneraino, eta gero hobeto joan nintzen. Sekulako beroa egiten zuen. Psikologikoki gaizki joan nintzen.

Lasterketako giroa betikoa izan zen?

Beti bezala jende asko zegoen eta asko animatzen zuen. Aurrealdean ez da emakumezko asko izaten, eta emakumezkoei asko animtazen die jendeak, eta baita ondoko korrikalariek ere. Ni behintzat asko animatu ninduten.

Sailkapen orokorrean bederatzigarren egin duzu. Zure posturik onena da?

Bai. Iaz 11. egin nuen. Marka hobetzeaz gain, helburua ere lehen hamarretan sartzea zen. Bi helburuak bete dira, baina asko sufrituta. Sentsazio txarrarekin bukatu nuen lasterketa.

Aurten emakumezkoen marka hobetu du irabazleak. Marka horiek oso urruti gelditzen dira?

Bai, noski. 1:20tik jasitea, hauda, kilometroa lau minutu baino gutxiagoan egitea, hori asko da.

1:20ko marka eskura izango zenuke?

Ez dakit. Fisikoki aurten bezala egonik, eta eguraldi hobeagoa eginez gero, ez dakit jaistea izango nukeen, baina eguraldi hobearekin denak arinago ibiliko ginen. Hezetasun handia egiten zuen.

Aurrera begira baduzu beste lasterketarik buruan?

Hemendik bi astera Donostiako maratoia egiteko asmoa dut. Nire lehenengo maratoia izango da. Ez dut markarik buruan. Ondo bukatzera eta ez sufritzera noa.

Prestaketa ezberdina egiten ariko zara proba horretarako.

Behobiarako serieak egiten dituzu eta abiadura hartu behar duzu. Maratoierako iraupena landu behar da eta psikologikoki prestatu denbora luzez korrika egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!