«Koru oso onak datoz; erronka eta ohorea da guretzat»

tolosa 2011ko urriaren 28a

Tolosako Abesbatza Lehiaketan euskal koru bakarra izango da lehian: Errenteriako Landarbaso abesbatza. Bertako lehendakaria eta abeslaria da Aritz Gonzalez (Oiartzun, 1976). Partaideak Gipuzkoako hainbat herritakoak dira, batez ere Oarsoaldekoak.

Zer suposatzen du Landarbaso abesbatzarentzat Tolosako lehiaketan parte hartzeak?

Aurten koruak 20. urteurrena betetzen du. 2001ean, 10. urteurrena bete genuenean, hartu genuen parte lehen aldiz Tolosako Abesbatza Lehiaketan. Orduan bizi izan genuen esperientzia oso polita izan zen. Hamar urte ondoren, esperientzia hori berriro bizi nahi dugu eta lehiakorrak izan. Erronka handia da.

Zer emaitza espero duzue lortzea?

Urtebete daramagu lehiaketa hau prestatzen. Aurretik ere hainbat nazioarteko lehiaketetan egon gara. Gure asmoa da lehiakorrak izatea eta onenekin egotea. Gero epaileek erabakiko dute.

Horrelako lehiaketa baterako prestaketa nahiko gogorra izango da.

Obren aukeraketa zuzendariaren lana da, baina gero obra horiek aurrera atera behar dira. Lehenengo ikasi, gero abeslari bakoitzak ahots teknika lantzen du... Hogei minututan erakutsi behar duzunaren atzean lan asko dago.

Nola hartu zenuten aurkezteko erabakia?

Zoritxarrez Euskal Herrian ez daude hainbeste abesbatza. Eta Tolosan parte hartzeak suposatzen duen erantzukizuna, denboraz hartu beharreko erabakia da. Aurretik koruan galdetu egiten duzu. Gero, ikusi genuen 2011rako aukera polita izan zitekeela. Eta aurrera egin genuen.

Koruko abeslari guztien konpromisoa behar da, ezta?

Gure koruan 45 partaide daude, eta batazbesteko adina 30 urtekoa da. Gazteenak 18-19 urte izango ditu eta zaharrenak 40tik gora. Adin tarte horretan, astero entseguetara joan, gehi asteburuko kontzertuak,... Horren erantzukizuna hartzea eta talde bezala horri erantzutea, meritu handia da gaur egungo gizartean.

Orain hamar urte izan zineten Tolosan. Horretaz gain, parte hartu duzue beste nazioarteko lehiaketa batzuetan. Nola izan da ibilbidea?

Tolosa izan zen nazioarteko mailan parte hartzen genuen lehenen lehiaketa. Tolosako lehiaketa beste nazioarteko lehiaketa batzuekin harremanetan dago, eta zazpi lehiaketa horietatik seitan parte hartzea lortu dugu. Bizkarrean badaramatzagu hainbat lehiaketa, eta hori taldeari nabaritzen zaio.

Beraz, eskarmentu horrekin, lehen saria lortzeko lehian egoteko moduan izango zarete.

Asmoa hori da. Noski, koru oso onak izango dira lehiaketan, baina, beno, lotsagabeki bada ere, gu hor egoteko asmoa dugu, eta, esan bezala, gero epaimahaiak erabakiko du.

Ezagutzen dituzue parte hartuko duten beste abesbatzak?

Batzuk bai. Adibidez, The Choral Project estatubatuarrekin lehiatu gara Kaliforniako lehiaketa batean, eta oso koru ona da. Balsis ere oso ezaguna da. Hemen parte hartu du urte askotan eta beti maila oso ona erakutsi du. El Leon de Oro dator, Oreya ere bai... Badakigu aurtengo edizioan bereziki koru oso onak etorriko direla, eta guretzako, ohoreaz gain, erronka handia da.

Abesbatza gipuzkoarra izanik, etxean bezala ariko zarete lehian. Entzuleak, behintzat, alde izango dituzue.

Horren esperantza daukagu. 2001. urtean ezik, beti kanpoan lehiatu gara, eta kanpoan ardura ez da hainbestekoa. Ondo aritzen bazara, kritika onak jasotzen dituzu eta ezustekoa eman dezakezu. Etxean, aldiz, ibilbide bat egina dugu, eta horri erantzun behar diozu. Kanpoan zu zara ezberdina, eta etxean aritzen zarenean, zu zara ohikoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!