Elkarlanean ariko dira Tolosa eta Cardiff, hizkuntza errealitateak aztertuz

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko urriaren 28a

Hizkuntza errealitate desberdinak ezagutzeko eta atzerriko hizkuntzenganako interesa sustatuz eleaniztasuna bultzatzeko bidean, Tolosak eta Galeseko Cardiff hiriak (galeseraz Cymraeg), Comenius Regio deituriko hitzarmena sinatu dute. Bi urteko iraupena izango du, euskaldunen eta galestarren errealitate linguistikoen elkartrukeak.

Arduradunek azaldu dutenez, proiektu berritzailea da, eta Europa mailakoa. Comenius Regio hitzarmenek, tokian tokiko  aginpideen, eta Europa mailan hezkuntzan lan egiten duten eragileen arteko elkarlanak sustatzea dute helburu nagusia. Modu honetara, hezkuntza-eskaintza hobea izateko bidea jorratzen dute.

Hitzarmen hauek Europako Hezkuntza Programa Autonomoen Erakundeak (EHPAE) bultzatzen ditu, eta hainbat baldintza bete behar dira parte hartzeko.

Lehenik eta behin, hitzarmenaren ondorioz sortutako elkarteak, gutxienez, bi eskualde parte hartzaile izan behar ditu. Eskualde hauek, aginpideen, eskolen eta bestelako erakunderen baten babesa behar dute Comenius Region parte hartzeko.

Horrela beraz, Cardiff hiriarekin sinatutako hitzarmenean, Tolosako bazkideak Tolosako Udala, Bigarren Hezkuntzako Orixe institutua, Laskorain ikastola eta Berritzegune nagusia dira.

Cardiffetik, berriz, Cardiff Country Council edo Cardiffeko udalak, Coed Glas Primary School-ek eta Ysgol Gyfun Gymrag Plasmawr Secondary School-ek parte hartuko dute, besteak beste.

Hitzarmeneko bi bazkideen artean, haria batek eman behar izaten du, eta kasu honetan, galestarrek izango dute ardura hori. Izan ere, duela urte batzuk beste Comenius Regio bateko bazkide izan ziren, eta esperientzia hori dela eta, nolabaiteko gidaritza hartuko dute.

Elkarlana eta bi errealitate

Hitzarmen honen xederik behinena elkarlana eta hizkuntza errealitate desberdinen ezagutzak eskaintzen duen aberastasuna, ikasleei helaraztea dira.

Honen harira, Berritzegune nagusiko ordezkariak azaldu duenez, garrantzitsua da Comenius Regio hitzarmena testuinguru baten barruan kokatzea: «Gizartea aldaketa handiak jasaten ari da, eta guk, malgutasuna landu behar dugu aldaketa hauen aurrean». Atzerriko hizkuntzen beharra gero eta handiagoa dela nabarmendu du, esaterako, leku batetik bestera lan bila joaterakoan.

Gizarte berrira egokitzeko bide horretan, beraz, atzerriko hizkuntzekiko jarrera, baikorra izatea bultzatu nahi dute: gogoa sortzea eta jendea munduan zabaltzea. Beste herrialdeen eta kulturen garrantziaz jabetu beharra ere landuko dute, modu honetara kulturartekotasuna sustatuz.

Dena den, lau ildo nagusi izango ditu Cardiff eta Tolosaren arteko hitzarmenak. Batetik, irakaskuntza formak garatuko dituzte hizkuntza aniztasunari begira; honetarako, irakasleen arteko mintegiak antolatuko dituzte, proiektu honetarako bereziki sortutako materialarekin, nahiz bestelakoarekin.

Era berean, hizkuntzen arteko alfabetatzea nola garatzen den aztertuko dute; elebidun batengan, adibidez, hizkuntza batetik bestera pasatzeko zein mekanismo dauden ere ondorioztatzen saiatuko dira.

Ikasleen ahotsa bera ere, ildo nagusietako bat izango da, gurasoen parte hartzearekin batera; hizkuntzari buruzko galdetegiak banatuko zaizkie, besteak beste.

Mugikortasuna ere bai

Cardiffek eta Tolosak sinatu duten hitzarmen honen barruan, bi herrien arteko mugikortasuna ere aurreikusita dago.

Bide honetan, pasa den irailaren 20tik 24ra bitarte, Tolosako hiru ordezkari Galeseko hiriburuan izan ziren, bertako errelitate soziolinguistikoa eta hezkuntza sistema ezagutzeko helburuz.

Edurne Mendia, Tolosako Udaleko Kultura zinegotzia, bertan izan zen, eta «pertsonalki, oso esperientzia aberasgarria» izan zela nabarmendu du: «Egitasmo honetan, nire parte hartzea unean unekoa izan da; izan ere, interes berezia nuen proiektu honetan».

Hitzarmen honetan lantzen denak, norberak bere hizkuntzarekiko duen interes eta motibazioan eragingo duela nabarmendu du Mendiak, eta baita hizkuntzaren beraren atxikimenduan ere.

Cardiffeko errealitateari dagokionez, han udalak hizkuntzan eskumen gehiago dituela azaldu dute arduradunek. Gainera, Galesko hiriburuan esperientzia handia dute hizkuntza errelitate desberdinekin, etorkinei hizkuntza irakasten, eta abarretan.

Parte hartuko duten ikastetxeei dagokienez ere, bada alderik Tolosakoekin. Bai Laskorain ikastolan, bai Orixen, D ereduko hezkuntza eskaintzen dute. Cardiffeko ikastetxeetan, ordea, batzuk galeseraz egiten dute lan, eta beste batzuek ingelesez: «Bi errealitate oso desberdin ikusten dira hango eskoletan, baina oso aberasgarria da».

Tolosako Udaleko Hizkuntza politika eta Hezkuntza saileko zinegotzia den Iñaki Irazabalbeitiak, udalarentzat proiektu honek duen garrantzia azpimarratudu, besteak beste, Galesekin harremanetan jartzen duelako Tolosa.

Irazabalbeitiak, Tolosak eta Cardiffek soziolinguistikoki nahiz ekonomikoki dituzten antzekotasunak nabarmendu ditu. Batetik, diglosi egoeran daude bi herriak; «boteretsuagoa den hizkuntza baten presioa jasan behar duten bi hizkuntz komunitate dira euskalduna eta galestarra», dio Irazabalbeitiak. Halaber, oso herri paretsuak dira, kulturaren, ekonomiaren nahiz nazio identitatearen aldetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!