Herenegun iluntzean osoko bilkura egin zuten Tolosan. Bertan mozio ugari izan zituzten hizpide, eta gehienak onartuak izan ziren. Ohiko puntuak ere izan zituzten hizketagai: azaroaren 20ko hauteskundeetako mahaikideak izendatzeko zozketa egin zuten, eta irailaren 22tik urriaren 20ra bitarteko alkatetza dekretuak ere onartu zituzten.
Normalizazio politikoa
Horiek horrela, normalizazio politikoaren aldeko adierazpen instituzionala aurkeztu zuen Bilduk. Alderdiak ez ziren adostasun batetara iritsi eta adierazpena ez zen onartu. Alderdi bakoitzak bera ekarpena egin zuen.
2012ko ordenantza fiskalen onartzearen inguruan ere hitz egin zuten, eta besteren artean, zabor bilketari dagokion zerga %5 igoko dutela adierazi zuten, ez ordea, beste zergak, hauek %2,85 igoko baitira. PSE-EE abstenitu egin zen eta EAJk kontrako bozka eman zuen. Jeltzaleak ez daude igoeraren aurka, baizik eta, udal gobernuak defendatzen duen zabor bilketa ereduarekin daude desados. Udalaren mailegu aldaketen hasierako onarpenari dagokionez, onartu egin zen. Honela aurrekontuetan jaso gabeko hainbat gasturi aurre egingo zaie. EAJ kontra azaldu zen, eta PSE-EE abstenitu egin zen.
PSE-EEk Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala babestuz mozioa atera zuen, baina Bildu eta Aralarren bozkak zirela medio, atzera bota zuten.
Beste moziorik ere bazen, Udal Egoitzari dagokion defizitari buruzkoa, hain zuzen. Azkenean ez zen sozialisten mozioa onartu, udal gobernuak egindako emendakina baizik. Udalak Foru Alduniari 6 hilabeteko epean legez dagozkion eskumenak jasotzen dituen plana aurkezteko
eskatuko dio, izan ere, zahar egoitzaren defizita orain udalak ordaintzen du, baina legez Foru Aldundiari dagokio.
TOPA
TOPAk, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak, aurkeztutako mozioa onartu egin zen Bilduren eta Aralarren bozkei esker. EAJ abstenitu egin zen.
Erregu eta galderen txanda iritsi baino lehen, tentsio handiko lineari buruzko mozioa ere eztabaidatu zuten, Castejoneko zentraletik argi indarra ekartzeko izango da linea. Honen kontra azaldu ziren Bildu, Aralar eta EAJ.