«Musikan garrantzitsuena jendearengana iristea da»

Imanol Garcia Landa 2011ko urriaren 25a

Aurten lan bikoitza du Luismi Espinosak (Tolosa, 1956): urteroko Abesbatza Lehiaketari, Europako Sari Nagusia gehitu behar zaio. 15 urte zituela hasi zen laguntzen antolakuntzan, eta hogei urte baino gehiago daramatza zuzendari artistiko gisa. Lehiaketara etortzen diren abesbatzen aukeraketaz arduratzen da.

Zer du nabarmentzeko aurtengo Abesbatza Lehiaketak?

Lehiaketa bat denez, urtero errepikatzen diren ezaugarri jakin batzuk ditu. Maila oneko abesbatzak ekartzea da beti gure helburua. Batez ere, ezustekorik ez hartzea.

Eta hori gertatzen da?

Ez da ohikoa. Iaz Bulgariatik etorri zen abesbatza bat, erakunde jakin batekoa. Gobernuak erakunde hori babesten zuen lehen, eta maila onekoa zen. Baina, gobernu sistema aldatu denetik, badirudi babes hori jaitsi egin dela, eta iaz etorri zen abesbatzak ez du zerikusirik ezagutzen genuenarekin. Horrelako gauzak ez daitezen gertatu saiatzen gara. Etortzen diren abesbatzek ekarpenen bat egin dezaten saiatzen gara.

Zu zara koruen hautaketaren arduradun nagusia. Nola egiten duzu lan hori?

Batzutan beste herrialdeetara joaten naiz, baina badaude beste bide batzuk ere: beti daude kanpora joaten diren abesbatza euskaldunak, beste herrialdeetan ditugun kontaktuei deitzen diegu,… Bestalde, izena emateko epea zabaltzen dugu eta eskaerak jasotzen ditugu. Gertatu daiteke abesbatza on batek grabaketa txar bat bidaltzea, edo alderantziz. Ez da ohikoa, baina salbuespenak ere badaude. Italiako koru bat etorri zen behin, berez ospe handia zuena, baina ez zuten mailarik eman: zuzendariak berak emandako tonua ez zuen harrapatzen.

Beste lehiaketetara ere joaten zara?

Joaten naiz, baina ez denetara. Nire eginbehar garrantzitsuenetako bat lehiaketetaz aparte beste zirkuitu batzuetatik abesbatzak lortzea da. Tolosan irabazi duten zenbait abesbatza Interneten nabigatzen aurkitu ditut.

Maila ona izateaz gain, beste zer ezaugarriri ematen diozue garrantzia?

Aniztasunari. Ez daitezela, esaterako, hamabi koru aleman etorri; maila ona emango dizute, baina ordezkaritza anitza egotea nahi izaten dugu.

Adibidez, beti izaten da Asiatik etortzen den koruren bat.

Bai. Halere, egia esan, kopuru nagusiena koru europearrak izaten dira, abesbatzen tradizioa handiagoa delako. Bestalde, kontuan izan behar da bidaiaren kostua, handia izaten baita. Ukrainiako abesbatza, adibidez, autobusean dator, bidaia merkeago izateko.

Zer ordaintzen zaie etortzen diren abesbatzei?

Ostatua ordaintzen zaie; bidaia beraien kontu izaten da. Lehiaketaz kanpo kontzertu batzuk antolatzen ditugu eta horien bitartez dirutxo bat jasotzen dute.

Zer maila du Tolosako lehiaketak?

Nire ustez, Europako abesbatza lehiaketen artean goi mailan dago, eta ondorioz, munduan dauden lehiaketetan ere goi mailan dago.

Eskandinabiako koruak maila onekoak direla esan ohi da.

Tradizio handia dute eta baita formazioa ere. Hemen tradizioa badago, hori argi dago, baina abeslarien formakuntza ez dago hain landua. Herrialde horietan txikitatik hasten dira formatzen, ez bakarrik ahotsaren aldetik, baita musikari gisa ere.  Beste adibidea Hungaria da. Iaz Hungariako Cantemus haur abesbatzak irabazi zuen Tolosako lehiaketa. Cantemus musikan espezializatutako eskola da. 16 urte dituztenerako, bere bizitza guztian abesten aritu dira ikasleak, eta gehienetan musikariak ere badira, instrumenturen bat jotzen ikasi dutelako. Ez da, beraz, astean behin edo bitan eskola kanpoko klaseetara joatea bezalako formakuntza.

Zer nabarmenduko zenuke aurten datozten abesbatzen inguruan?

Balsis abesbatza, esaterako, orain urte batzuk izan zen hemen, eta lehen bi sari lortu zituen. Oreya abesbatzak ere Tolosan jaso ditu lehen sariak. Beraz, zenbait abesbatza egongo dira, aurretik Tolosan irabazi dutenak. Oso gustura nago ere Landarbaso abesbatza hemen egongo delako. Koru bikaina da eta Gipuzkoako abesbatzen munduan erreferentea. Bestalde, Asturiaseko El Leon de Oro abesbatza Espainiako onenetakoa da, eta orain gutxi Europako Sari Nagusian parte hartu zuen.

Hain justu, aurtengo Sari Nagusia Tolosan izango da, azaroaren 5ean. Zeinek irabaziko duela uste duzu?

Oso garbi daukat zeinek nahi dudan irabaztea: KUP taldeko kide batzuk nire kolaboratzaile zuzenak dira. Baina zaila izango da. Oso koru onak daude. KUP-ek duen guztia ematen badu eta egun ona badauka, bere aukerak izango ditu. Goi mailako abesbatza da Europan.

Lehiaketara Tolosako entzule ugari joango dira, baina beste hainbat lekuetatik ere etorriko dira, ezta?

Gero eta jende gehiago etortzen da Madriletik, Zaragozatik, Galiziatik, Burgosetik,...

Dagoeneko, hainbeste urte ondoren, lehiaketako entzuleak ere aditu bilakatuko ziren.

Tolosan  nabaritzen da noiz izan den errespetuz egindako txaloa eta gogo biziz egindakoa. Jendeak badu formazio bat, eta gainera, abesbatza asko daude Tolosan.

Kantatzeko modua ere aldatzen joango da.

Modak aldatu egiten dira, bainamusikan garrantzitsuena jendearengana iristea da. Badaude taldeak perfektu egiten dutenak, baina azkenean disko bat entzutea bezala da. Nire ustez esnatu egin behar gaitu, emozionatu.

Gero, lehiaketan, epaileek dute azken hitza.

Bakoitzak bere irizpidea izaten du. Eskola eta izaera ezberdinetako epaileak bilatzen saiatzen gara, epaimahaia ahal den orekatuena izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!