Ikusmin handia sortu zuen Tolosako Udalak herenegun iluntzean antolatu zuen batzarrak. Udaletxeko batzar aretoa txiki gelditu zen. Larramendi auzoko urbanizazio berriaren egungo proiektua ez du gustuko udal gobernuak eta beste bat eztabaidatzen ari da enpresa eraikitzaileekin. Proiektu alternatiboan ez da Larramendi errepidearen lurperatzea aurreikusten, eta horren inguruan azkenaldian sortu diren zurrumurruei erantzuna emateko antolatu zuen udalak, bilera. Izan ere, oraindik ez dago guztiz zehaztuta proiektu berri hori. Udalak lehenbailehen ixteko asmoa duela esan zuen.
Udala ordezkatzen Ibai Iriarte alkatea, Pello Etxabe zinegotzia eta Hektor Espin aholkularia izan ziren. Lehenbizi, beste proiektu bat lantzearen arrazoiak eman zituzten. Alde batetik, Larramendi errepidearen lurperatzearekin ez daudela ados esan zuten, eta orain arte eginda dauden bi txosten teknikoak obra horren aurkakoak direla azaldu zuten. Bestetik, beraiek proposatzen duten proiektuak eremuari egonkortasun juridikoa emango diola esan zuten, besteak beste, ekipamendu gehiago aurreikusten direlako. Beste arrazoietako bat jendearen parte hartzea bultzatu nahi dutela da, alkateak azaldu zuenez: «Egungo proiektuaren eta udalak aurkeztuko duenaren artean auzotarrek erabakiko dute".
Azaroan aurkeztu nahi dute proiektu alternatiboa eta galdeketa abenduan egitea espero dute. Prozesu hori aurrera eramateko auzotarren batzorde bat osatzea nahi dute udal ordezkariek, eta bileran bertan horretarako gonbitea luzatu zuten, baina ez zen gauzatu.
Parte hartze zabala
Bilerara joan zirenei hitza ematerakoan, bertan zeuden gehienak errepidea lurperatzearen aldekoak zirela ikusi ahal izan zen. Hitz egin zutenetik askok egungo proiektuaren alde egin zuten, proiektu hori aintzat hartuta erosi zituztelako etxebizitzak. Errepidearen bi aldeko eremuak lotzeko modu seguruena zela argudiatu zuten.
Beste zenbaitzuk, hasiera batean lurperatzearen alde egon arren, erabakia hartzeko udala lantzen ari den proiektuaren berri jakin nahi zutela azaldu zuten. Larramendi auzoko eremu zaharreko zenbait bizilagun kexu agertu ziren, egungo proiektua beraiei ezer galdetu gabe egin zelako. Belate auzoko bizilagun batek ere hitza hartu eta bere kezka agertu zuen: «Larramendi auzotik ibilgailuak igarotzea zailtzen bada, ibaiaren gainetik egingo den zubiaren ondorioz, ibilgailuak Belatetik sartuko dira Tolosara».
Herritarren parte hartzeetatik bi izan ziren txalotuenak. Batek pertsonen ikuspuntutik hitz egiten zuela esan zuen, eta lurperatzearen gainean geldituko litzatekeen pasabideak auzoaren bi aldeak elkartuko zituela adierazi zuen. Besteak, bilerari eta aurrera begira egingo den prozesuari eman zion garrantzia. Herritarrek horrelako proiektu batean iritzia ematea eta erabakitzea ez zuela ezagutu esan zuen, eta aukera hori izatea nabarmendu zuen.
Gaiaren inguruan lehen batzarra egin ondoren, orain udalaren proposamenaren zain geratu dira auzotarrak. Orduan, bi proiektuak, egungoa eta udala lantzen ari dena, mahai gainean izango dira eta eztabaida gehiago zehaztuko da.