Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko eguna da larunbatekoa. Hori dela eta, Urkizun Amaia Negrok hitzaldia eskainiko du bihar, ostirala, 19:00etan. Emakume baserritarrak: bizimodu bati eusten gaia izango du hizketa gai.
Urkizuko emakumeek eta Berdintasun atalak antolatu dute aurtengoan egun hau ospatzeko ekitaldia. Tolosako landa eremuetako emakumeak zein herritarrak gonbidatuta daude hitzaldian parte hartzera.
Tolosak ere baditu bere landa auzoak, Aldaba, Bedaio eta Urkizu, esaterako. Azken urteetan, Tolosako Udala eta Tolomendi lanean ari dira landa auzoetan Berpiztu programaren bidez. Auzoetako dinamikak lantzen dituzte, eta auzotarren beharrei erantzunak ematen saiatzen dira.
Egunaren harira, hainbat txokoetan, landa eremuetan bizi diren emakumeek euren aldarrikapen eta eskubideak eskatuko dituzte.
1995. urtetik, urriaren 15a
Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko eguna urriaren 15ean ospatzen da. 1995. urtean egin zen Pekingo Hitzaldian dauka jatorria. Bertan zehaztu zen egun hau, eta urtero urriaren 15a izatea. Honela, mundu osoko landa eremuko emakumeek, garapenean, osasunean eta ongizatean euren eskubideak exijitu eta aldarrikatzeko aukera izan dute.