Istorioak doinu eta irudiekin nahastuko dira Topic-en, ‘Joan’ errezitaldian

tolosa 2011ko urriaren 14a

Literatura musika eta irudiekin uztartuko da gaur, Topic aretoan. Patxi Zubizarretaren Joan.Hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk eleberrian oinarrituriko emanaldia izango da, Patxi Zubizarretarekin berarekin eta Joserra Senperena piano jolearekin.

Literaturazaleek hitzordua izango dute, baina baita hain zale ez direnek ere; izan ere, autoreak berak emanaldiari Joan: errezitaldia ez den errezitaldia: ikusteko, entzuteko, usaintzeko deitura eman dio.

Errezitaldia ez da nobelaren laburpen bat izango, nobelan oinarritua izan arren. Testu aukeratuen laburpena ere ez da. Horrela beraz, nobela irakurri dutenek bezalaxe gozatu ahal izango dute irakurri ez dutenek ere.

Ordu beteko saioan, giza patetikotasuna izango da ardatz nagusi, eta poetikotasunak jasoko du guztia; musikak eta irudiak iradoki egingo dute. Ipuinak, poemak, hausnarketak, doinuak eta irudiak nagusi izango dira, beraz, gaur iluntzeko emanaldian.

Literatura baino gehiago

Iazko Durangoko Azokan aurkeztu zuen, Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak, Joan eleberria. Txalaparta argitaletxearekin egindako lana, ordea, ez da literatura hutsa.

Liburuaren sortze prozesuan, elkarlana izan zen funstetako bat. Horrela beraz, Joserra Senperena musikaria eta Thomas Canet argazkilaria izan zituen bidelagun. Azken hauen lanak, liburuarekin batera argitaratu zuten DVDan ikusi eta entzun daitezke. Literatura, musika eta irudiak uztartzeaz gainera, kolaborazio gehiago ere baditu Zubizarretaren Joan lanak; Martin Tejeria eta Maddi Oihenarten ahotsak dira horren lekuko.

Kritika literarioak, Patxi Zubizarretarena nobela «oso berezia» dela dio. Hainbat pertsonaien ahotsetatik kontaturikoa da; hau, ordea, ez da narrazioaren berezitasuna. Atal bakoitzak bere estetika narratiboa izan dezan, Zubizarretak elkarlana baliatu du. Hemen sartzen da kolaboratzaileen lana, eta baita sortzailearena ere. Izan ere, istorioak berak atal bakoitzean garapen aukera desberdinak ematen dituen arren, eleberri amaieran istorio bakarra doa aurrera.

Hitz eta esaldiei lagunduz, Joserra Senperenaren fadoak dira entzungai liburuak lagun duen DVDan. Patxi Zubizarretak bost pertsonaia nagusi sortu zituen eleberrirako, eta bakoitzarentzat ahots bat eta fado bat nahi zuela proposatu zion Joserra Senperena musikariari.

Atal bakoitzaren titulu bakoitzari laguntzen diote fadoek, eta Zubizarretak idazketa prozesua musikarekin bateratu zuen.

Elkarlanean burututako proiektu honen hirugarren kidea Thomas Canet argazkilari madrildarra da. Honek, bere aldetik, bost istorio, bost pertsonaia eta bost melodia horiei argazkiak eta bideoak jarri dizkie. Doinuekin gertatu bezalaxe, Zubizarretak istorioa irudiekin bateratu nahi izan zuen.

Betiko eleberriaren formatuaz haratago joan zen Zubizarreta, plazer estetikoa handitzeko ahaleginez; gainerako arteak aurrera doazen bezala, egungo idazleek XIX. mendeko teknikak erabiltzen dituztela dio, eta hori aldatu nahi izan zuen Joan lanarekin.

Erabakien menpe

Istorioa Lisboan hasten da, Lisboa dekadentean. Mario izeneko protagonistak dei bat jasotzen du, eta emakume batek, frantsesez hizketan, bere anaia gaztea Joao Ipar Euskal Herriko Santa Grazin larri dagoela esaten dio. Egoera honen aurrean, Mariok erabaki egin beharko du joan, ez joan, edo zer egin.

Besteak beste, erabakien garrantziaz gogoeta egiten du autore ordiziarrak liburuan; erabakien inguruko hausnarketa narratiboa da. Gizakia ia behartuta dago egunero-egunero hainbat erabaki hartzera, eta batzuetan kontzientziarik gabe egiten du.

Hari honi jarraituz, beraz, irakurleak Marioren hiru erabakien garapena jarraitzeko aukera izango du. Hiru adar hauetan barrena, nostalgia nagusi izango da, fadoek hala lagunduta.

Gaur iluntzean ikusi ahal izango da guztia, Tolosako Topic aretoan. 20:30ean hasiko da Joan: errezitaldia ez den errezitaldia: ikusteko, entzuteko, usaintzeko emanaldia, eta 5 euroren truke eskuragarri izango dira sarrerak, Topic-eko lehiatilan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!