Tolosako Kasino elkarteak Mikologia Jardunaldiak antolatu ditu aurten ere. "Iazko arrakasta ikusita, aurten jarraipena eman diogu", azaldu dute elkartean egindako aurkezpenean. Bertan izan dira elkarteko hiru bazkide: Xabier Martinez eta Roberto Ruiz sukaldariak, eta Joxe Mendizabal. Hainbat urtetan antolatu gabe izan ondoren, iaz berreskuratu zituzten jardunaldiak, elkartearen 125. urteurrenarekin bat eginez. Aurreko urtekoak ondo funtzionatu zuela ikusita, aurtengoan jardunaldien eskema errepikatu egin dutela esan dute, zenbait aldaketa sartuz.
Hilaren 19tik 22ra egingo dituzte Mikologia Jardunaldiak. Hain justu, hilaren 19an, 20:00etan, Bere habitatean inprobisatzen mikogastronomiako hitzaldia egingo dute Ruben Trincadok eta Roberto Ruizek, Zerkausian. Hainbat perretxiko mota prestatuko dituzte eta hitzaldiaren amaieran probatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ruizek berak azaldu duenez, "inprobisazioa izango da hitzaldiaren ardatza". Ruiz Tolosako Fronton jatetxeko sukaldaria da eta Ruben Trincado Mirador de Ulia jatetxekoa.
Ostegunean, hilak 20, 20:00etan, Pedro Arrillaga Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia saileko zuzendariak hitzaldia emango du Idiakez jauregian. Hainbat liburu espezializatuen egilea da eta baita mikologian espezializatutako aldizkarietan onddo bitxi eta ez ohikoen inguruko ikerketa ugarien egilea ere. Hitzaldia Agaricus generoari buruzkoa izango da, hau da, txanpinoiaren ingurukoa.
Urriaren 21ean, Tolosaldeko ikastetxeetako DBH 1eko ikasleek irteera egingo dute perretxikoak biltzeko, Kasino elkarteko zenbait bazkideren laguntzarekin. Arratsaldean, kultur etxean, Aranzadiko kideek sailkatu egingo dituzte.
Urriak 22a, larunbata, izango da jardunaldien azken eguna. Trianguloan, 12:00etatik aurrera, Tolosaldeko eta Goierriko hainbat jatetxeetako sukaldariek pintxoak prestatuko dituzte. Onddoak eta perretxikoak izango dira osagai nagusiak. Horrekin batera, plazan bertan, Tolosaldeko ikasleek bezperan bildutako perretxikoak egongo dira ikusgai.