Tolosa inoiz baino presentego egongo da Bruselan, astelehenean. Hori dio behintzat, Tolosako Orfeoiko komunikazio arduradunak, Maite Chocanok. «Tolosako izena zabaltzeko asmoa dugu», dio. Astelehenean eskainiko dute kontzertua Wolubilis kultur zentroan 19:00etan, eta emanaldia Tolosako 750 urteurrenaren harira 2006ean Enrike Ugartek konposatutako eta Karlos Linazasororen hitzak dituen ereserkia abestuz bukatuko dute.
«Oso garrantzitsua da guretzat. Ereserkia abesterakoan Tolosako irudiak ikusi ahal izango dira kultur zentroan», azaldu du Chocanok. Ordu eta laurdeneko emanaldia eskainiko dute, eta bi zatitan banatu dute emanaldia. Musika sinfonikoarekin hasiko dira, Rossiniren Petite Messe Solemnelleren zati batzuk abestuz, eta ondoren, euskal kanta herrikoiak entzun ahal izango dira Bruselan. Aipatu moduan, bukatzeko Tolosako Ereserkia kantatuko dute. Zuzenari lanetan Ignacio Ruiz de Alegria ariko da, eta bakarlari moduan ondorengoak: Amaya Arberas sopranoa, Juan Noval tenorra, Beatriz de Galvez kontraltoa, eta Pablo Garcia baxua.
Era berean, instrumentalista bezala Javier Perez Azpeitia piano-jotzailea eta Ana Belen Garcia harmoniuma izango dira emanaldian hiru tolosarrekin batera: Iñigo Agirre gitarra-jotzailea, Juanjo Falcon baxu elektrikoa eta Mitxel Longaron bateria-jotzailea.
Tolosako ereserkia
Tolosa eta bere auzo, mendi eta inguru parerik gabeak;
euren altzoan dira,
San Joanen zaintzapean,
zazpi mende luze loratu;
oi, zenbat gudu!
oi, zenbat gudu!
harresi sendo-gotor hauen zainetan;
oi, zenbat musu!
oi, zenbat kezka!
Oria emaroaren ur-ertzetan.
Zure handitasunak
eman zizun izena eta ohorea, bai, Tolosa!
oi, zein bizia!
oi, zein alaia!
oi, zein ausarta!
Bedaio eta Aldaba,
Izaskun eta Auzo Txikia,
Bedaio eta Aldaba,
Izaskun eta Auzo Txikia,
San Blas eta Urkizu,
Monteskue eta Usabal,
San Esteban eta Santa Luzia,
Olarrain eta Amarotz, eta Aldaba Txiki:
hamairu alaba gure erreginak.
Armarrian gaztelu, ikurrinean urdin sakona,
artisten sehaska, euri-abaraska,
egitandi itzelen lekuko isil,
inaute-babesle, euskara-maitale,
kanpotar guztien hartzaile.